Itxi

Artea

FINLANDIA

Helsinkiko herritarrak, Guggenheim museoa egitearen aurka

Helsinkiarrek inkestetan esan dutenaren arabera, udalbatzak eginiko beste proposamen batzuk, udal liburutegi bat egitea esaterako, garrantzitsuagoak dira.

  • Bilboko Guggenheim Museoa. Argazkia: EITB

    Bilboko Guggenheim Museoa. Argazkia: EITB

Helsinkiko biztanleen % 75 Guggenheim museo berria egitearen aurka azaldu dira “Helsingin Sanomat” egunkariak eginiko inkesta batean. Hau da, Helsinkin bizi diren lau pertsonatik hiru proposamenaren aurka daude.

Proiektuak Guggenheim Bilbao Museoaren eta New Yorkeko fundazioaren baimena du. Helsinkiko udalaren baieztapena falta da soilik eta apirilerako erantzutea espero dute.

Museoa udalak bakarrik, Estatuaren laguntzarik edo laguntza pribaturik gabe, ordaindu beharko balu, jende gehiago agertuko litzateke proiektuaren aurka.

Inkestetan azaldutako emaitzaren arabera, udalbatzaren beste proposamen batzuk garrantzitsuagoak direla uste dute herritarrek, besteak beste udal liburutegi bat edo historia museo bat egitea. Guggenheim museo berriari lehentasuna eman behar zaiola uste dutenak gutxiengoa dira.

Finlandiako artea baztertuta geratuko den beldur dira helsinkiarrak, eta Guggenheim berriak hirian dauden beste 75 museoak estaltzeak ere kezkatzen ditu.