Itxi

Artea

Urriak 22 – otsailak 27

Emakume abstrakziogileen lana azaleratu nahi du Guggenheimek

N. V. | EITB Media

"Emakumeak abstrakziogile" erakusketak  emakume artistek abstrakzioari egin dioten "ekarpenaren historia idaztea" du xede, eta artista horien lana ikusezin bihurtu zuen prozesua ere agerian uzten du.

  • "METAFASEA 3" (Barbara Kasten). © Barbara Kasten

    "METAFASEA 3" (Barbara Kasten). © Barbara Kasten

Guggenheim Bilbao Museoak "Emakumeak abstrakziogile" erakusketa izango du ikusgai urriaren 22tik aurrera, datorren urteko otsailaren 27ra arte. Centre Pompidou Parisko museoak Guggenheimen beraren laguntzaz antolatu duen erakusketak "abstrakzioaren historiaren ikuspegi berri bat" eskaintzen du, museotik azaldu dutenez, arte plastikoak, dantza, argazkigintza, zinemagintza eta dekorazio-arteak landu zituzten ehun emakume baino gehiagoren lanen bitartez.

Gainera, artista hauek ikusezin egin zituzten prozesuak agerian uzten ditu eta abstrakzioaren historia markatu zuten zenbait mugarri iradokitzen ditu, hala nola Georgiana Houghtonen lana. 1860ko hamarkadan hark eta beste hainbat emakumek egindako artelan espiritistek funtsezko atea zabaldu zioten abstrakzioari, nahiz eta ez zuten abstrakzio gisa kontzeptualizatu.

Hortik aurrera, erakusketak ikuspegi globala eskaini nahi du: 1950eko hamarkadan Parisko eszenak izan zuen dinamismoa, Saloua Raouda Choucair libanoar, Carmen Herrera kubatar-estatubatuar edo Fahrelnissa Zeid turkiarraren lanekin, Latinoamerikako, Ekialde Ertaineko edo Asiako modernitatea, eta emakume artista afroamerikarren lana…

Guggenheimek ohar batean azaldu duenez, "Emakumeak abstrakziogile" erakusketak galderak plazaratzen ditu: "Zer da abstrakzioa, zehazki? Zerk bihurtu zituen emakumeak ikusezin abstrakzioaren historian? Zergatik diraute arrazoi horiek indarrean? Emakume artistak historia independente baten barruan isolatzen jarrai al dezakegu, egiazki historia hori koral izatea eta genero markarik ez izatea nahi badugu?".

© Barbara Kasten

© Barbara Kasten