Artea
Irailaren 17tik aurrera
Guggenheimek Alice Neelen atzera begirako erakusketa izango du irailetik aurrera
N. V. | EITB Media
Estatubatuar artistaren ibilbide artistiko osoa jasoko du Bilboko museoaren erakusketak, ehunka pintura, marrazki eta urmargoren bidez.
-
"Naziek juduak hiltzen dituzte" © The Estate of Alice Neel, Bilbo, 2021
Guggenheim Bilbao Museoak "Alice Neel: pertsonak lehenbizi" erakusketa hartuko du irailaren 17tik 2022ko otsailaren 6ra. Erakusketak Neelen ibilbide artistiko osoa jasotzen du, museotik ohar batean azaldu dutenez, "ia ehun pintura, marrazki eta akuarelaren bitartez, erretratu zirraragarrienak barne, gaur egun beren zorroztasun psikologikoagatik goraipatuak".
Erakusketaren ibilbidea hasierako obra batzuetatik hasten da: Neska frantsesa eta Carlos Enríquez (1926) erretratua, 1927an Habanan ikusgai jarria.
1920ko hamarkadan Kuban bizi ondoren, 1927an New Yorkera itzuli zen Neel, behin betiko. Han, dibertsitatea eta bertako jendeen borroka hasi zen jasotzen iruditan, baita hiriko parkeak eta eraikinak ere, eta inguratzen zuen bizitzaren testigantza ematen hasi zen horrela.
"Artea historia da"
Artea historia da Neelentzat, museotik azaldu dutenez. Hala, New Yorkeko bizitza politikoa eta bertako gertaerak jasotzeko balio dio bere obrak, eta horren erakusgarri da Naziek juduak hiltzen dituzte ( Nazis Murder Jews ,1933) obra, non 1936ko Maiatzaren Bateko desfilea irudikatzen duen, manifestari ugari erakarri zituena erregimen naziaren antisemitismo ankerraz ohartaraztearren.
'Naziek juduak hiltzen dituzte' © The Estate of Alice Neel, Bilbo, 2021
1938tik 1962ra, Alice Neel eta bere familia Spanish Harlemen bizi izan ziren, eta bere auzokideen arima jaso zuen artistak bere pintzelekin; etnia askotako populazio txiroa bizi zen han, ordura arte kasu bakan batzuetan bakarrik hartu izan zena gai gisa artearen arloan; horren adibide da Georgie Arce 2. zk. (Georgie Arce No. 2 , 1955).
Erakusketak hiriko paisaien atal bat ere biltzen du. Horretan, artistak New Yorkeko eraikinen eta parkeen eguneroko edertasunaren testigantza ematen du. Hala, Central Park-en (1959) natura eta inguruko eraikinak uztartzen dira.
'Central Park' © The Estate of Alice Neel, Bilbao, 2021
Biluztasuna eta sexualitatea Alice Neelen obrako gai nagusietako bi izan ziren, giza esperientziaren alderdiak diren aldetik. Irauli egin zuen ordura arteko ikuspegia, eta emakumearen rola aldatu zuen, objektu erotiko soil izateari muzin eginez.
Erakusketak Neelen dozenaka erretratu bilduko ditu, adituen ustez zorroztasun psikologiko handia erakusten dutenak. Bere modeloen artean asko dira ezezagunak, baina bere familiako kideak, artistak, aktibistak, eskubide zibilen liderrak eta bere bizitzako une desberdinetan ezagutu zituen pertsona ospetsuak ere pintatu zituen.