Itxi

Artea

Santa Klara uhartea

"Hondalea"ren kudeaketa kritikatu eta Santa Klara uhartea babesteko eskatu dute

N. V. | EITB Media

Eguzkik, BiziLagunEkin plataformak, Parkea Bizirik Kukulunberak eta Haritzalde naturzale elkarteak "uhartearen babesa bermatzeko araudi eta erabilera plan zehatza" eskatu dute.

  • "Hondalea"

    Ekainaren 5etik aurrera bisitatu ahalko dute herritarren "Hondalea"

Eguzki talde ekologistak, BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak eta Parkea Bizirik Kukulunbera eta Haritzalde elkarteek "desadostasuna" agertu dute Udalak uhartea kudeatzeko aurkeztu duen planteamenduarekin, "Hondalea" Cristina Iglesiasek Santa Klara uhartean egin duen artelanak "masifikazio eta gainesplotazio arriskuak" dakartzalakoan.

Idatzi batean azaldu dutenez, eskulturarako bisitetan edukierari dagozkion baldintza eta mugek, orokorrean, "onargarriak dirudite uhartearen babeserako", baina "anbiguotasunerako eta salbuespenerako tarte handiegia azaltzen dute", taldeen esanetan, "eguraldiaren arabera luzatu daitekeen egutegia" eta "kasuan kasu aztertuko diren uharte eta artelanaren erabilera berezietarako baimenak" jasotzen baitituzte. Horren aurrean, "kudeaketa irizpide zehatz eta irmoak" eskatu dituzte.

Gainera, epe laburkeria ere egotzi diote Udalaren kudeaketa proposamenari: "2021. urterako kudeaketa irizpideak baino ez ditu ezartzen, aurrera begira ziurgabetasuna iradokiz".

"Hiriaren turistifikazioan sakontzeko helburuari" eutsi dio Udalak, elkarte horien aburuz, eta "Santa Klara-Igeldo eta bien arteko itsasartea Natura 2000 Sarearen baitan barneratua izateko tramitazioari ekiteko" eskatu diete erakundeei.