Itxi

Artea

Erakusketa

1920ko hamarkadako sormena eta neurrigabetasuna, Guggenheimen

N. V. | EITB Media

“Urte eroak: 1920ko hamarkada” erakusketak Bauhausi, dadaismoari, objektibotasun berriari eta beste hainbat mugimenduri egiten die tartea.

1:21

Joan den mendeko 20ko hamarkadak ordezkatu zituen sormen eztanda eta neurrigabetasuna erakusten ditu Guggenheim Bilbao Museoak bihartik aurrera hartuko duen erakusketak, eta bisitariari orduko oparotasunean murgiltzeko gonbita egiten dio.

Bilduma “askatasunaren eta sormenaren aldeko kantua” da, Calixto Bieito dramaturgo eta opera zuzendariak gaur, ostegunarekin, egindako aurkezpenean azaldu duenez. Erakusketaren eszenografiaz arduratu da Bieito Arriaga antzokiko zuzendari artistikoa, Guggenheimekin egin duen lehen kolaborazio berritzailean.

Erakusketaren antolatzaileek egun bizi dugun hamarkadaren eta joan den mendeko 20ko hamarkadaren arteko antzekotasunak azpimarratu dituzte, orduan Espainiako gripea zeritzon pandemiatik irteten ari baitzen gizartea eta atzeraldi ekonomiko sakona baitzegoen Mundu Gerra bukatu eta gero.

Europan orduan izandako eraldaketa du ardatz erakusketak, komisarioen hitzetan, eta Berlin, Paris, Viena, Zurich eta beste hainbat hiritan bizi izan zituzten aldaketak gerturatzen dizkio bisitariari; horietako batzuk indarrean daude oraindik ere.

Zazpi ataletan banatuta dago ibilbidea. Bauhausa, dadaismoa, objektibotasun berria eta beste hainbat mugimendu berritzaile erakusten ditu, eta arkitektura eta diseinuko ekarpenak jasotzen.

Le Corbusier, Fernand Leger, Constantin Brancusi eta Max Ernsten obrak daude, baita Ludwig Mies van der Rohe arkitekto eta diseinatzailearen altzariak eta Lucien Lelong frantses jostunaren gau soinekoak ere, besteak beste.