Itxi

Artea

Maiatzak 7tik - irailak 19ra

1920ko hamarkadako sormen eta liberazio gogoaren lagina, Guggenheimen

N. V. | EITB Media

Calixto Bieito opera zuzendaria arduratu da “Urte eroak, 1920ko hamarkada” Bilboko museoak maiatzaren 7an irekiko duen erakusketaren eszenografiaz.

  • Grethe Jürgens. "Ileapaindegiko manikiak"

    "Ileapaindegiko manikiak" (Grethe Jürgens). © Sprengel Museum Hannover, Vermächtnis Grethe Jürgens

Guggenheim Bilbao Museoak “Urte eroak: 1920ko hamarkada” erakusketa jarriko du ikusgai maiatzaren 7tik irailaren 19ra, eta hamarkada berritzaile horretako 300 objektu bilduko ditu horretarako, garaiko diziplina artistiko nabarmenetakoak: pintura, eskultura, marrazkia, argazkilaritza, zinema, collage-a, arkitektura eta altzari-diseinua.

Museotik azaldu dutenez, “paralelismo harrigarriak daude” hasi berri dugun hamarkada eta 1920koaren artean. Duela mende bateko gizartea 1918ko pandemiaren traumak jota bizi zen, Lehen Mundu Gerraren ondoren izandako atzeraldi ekonomiko batean murgilduta.

Nolanahi den, “aurrerabidearen hamarkada” ere izan zen, Guggenheimek dioenez, “sormenak eta liberazioak eztanda egin zuten garai bat, eta horregatik hain zuzen, etorkizunari begira adorea eta inspirazioa ematen duten ideiak eskaintzen ditu atzerabegirako honek”.

Grethe Jürgens, "Ileapaindegiko manikiak".

© Sprengel Museum Hannover, Vermächtnis Grethe Jürgens

“Urte eroak: 1920ko hamarkada” erakusketak hainbat mugimendu progresistari begiratuko die (Bauhaus, Dadaismoa, Objektibotasun Berria…), Calixto Bieito dramaturgo, opera zuzendari eta Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoaren ikusmolde eszenikotik.

Zazpi espazio hauetan banatuko dituzte hirigintzan, familia kontzeptuan, parte-hartze politiko eta sindikalean eta aisiaren kontzepzioan berebiziko aldaketa aurkeztu zuen hamarkadari buruzko erakusketa: “Gerraren trauma atzean utzita”, “Rol berriak, eredu berriak”, “Ikusteko modu berriak”, “Modaren iraultza”, “Lana eta aisia”, “Gorputzaren nozio berriak” eta “Irrika”.

Maiatzaren 7tik irailaren 19ra egongo da ikusgai “Urte eroak, 1920ko hamarkada” erakusketa, Guggenheim Bilbao Museoan.