Itxi

Artea

Bilboko Arte Ederren Museoa

2021eko irailean hasiko dira Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanak

N.V. | EiTB Media

Museoaren Patronatuak oniritzia eman dio Norman Fosterrek eta Luis Maria Uriartek diseinatutako zabaltze programari. 21 hilabete iraungo dute, eta partzialki irekita jarraituko du museoak.

  • Arte Ederren Museoaren proiektua

    21 hileko lanak aurreikusi dituzte Museoaren eraikina zabaltzeko

Bilboko Arte Ederren Museoaren Patronatuak gaur bildu eta gero iragarri duenez, 2021eko irailean hasiko dira museoa handitzeko lanak. Ohiko bilkuran, Patronatuak oniritzia eman dio Norman Fosterrek eta Luis Mª Uriartek diseinatutako zabaltze-programari.

2021eko irailetik aurrera hasiko da proiektua, Museoaren eraikin modernoan, eta, bileran erabaki dutenez, Plan Estrategikoan aurreikusitako obren finantzaketa ereduari eutsiko diote: Fundazioak sinatutako epe luzeko mailegu bat –25 milioi euro–, hiru erakunde fundatzaileen (Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) ekarpenekin amortizatuta.

Proiektuaren egileen arabera, museoak “partzialki irekita” jarraitu ahal izango du obrek iraungo duten 21 hilabeteetan.

2021erako asmoak

2021ean, "Remigio Mendiburu. Materia eta memoria" atzera begirako erakusketa ikusi ahalko da, baita Antoni Muntadasen "Hiri hutsa" lana, museoaren enkarguz Bilbori eskainitako ikus-entzunezko pieza bat.

Gainera, Gregorio Marañon doktoreak bildu zituen Grekoaren, Velázquezen eta Goyaren hiru margol ikusi ahal dira, baita José Ramón Prieto bilbotarraren bilduma bikaina ere. Marina Abramovic, Ángela de la Cruz, Louise Bourgeois eta Cristina Iglesias artista garaikideen lanekin osatutakoa.