Itxi

Artea

Erosketa programa

Jaurlaritzak eta Aldundiak 3 milioi emango dizkiote Guggenheimi, artelanak erosteko

Agentziak | Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak, museoaren jabeek, 1,5 milioi euro emango dizkio bakoitzak museoari, bere bilduma zabal dezan.

  • Guggenheim Bilbao Museoa

    Guggenheimek bost milioi euro izango ditu 2020an artelanak erosteko. Argazkia: Endika Frias.

Guggenheim Bilbao Museoaren jabe diren euskal erakundeek, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, hiru milioi euro emango dizkiote 2020an Bilboko museoari, 2015etik geldi eduki duen bilduma propioa zabaltzeko erosketa programa berriro abia dezan.

Erakunde bakoitzak egingo duen 1,5 milioiko ekarpena Museoaren Sozietate Edukitzailearen Administrazio Kontseiluaren azken bileran berretsi zuten, horrek hartzen baitu bere gain museoaren bildumako artelanen erosketa kudeatzeko lanak.

Ekarpen honi esker, aurretik bi erakundeok milioi bana euro bideratu dutela kontuan hartuta, museoak bost milioi euro izango ditu datorren urtetik aurrera, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariak zehaztu duenez, "ahal izanez gero, datorren urtetik aurrera erosketak egiten hasteko".

Guggenheimek izoztuta izan du, 2015. urtetik, artelanak erosteko programa, baina ordutik hainbat artistak egindako dohaintzei esker zabaldu du bere bilduma: Jenny Holzer estatubatuarrak, Henri Michaux belgikarrak, Esther Ferrer gipuzkoarrak eta Alyson Shotzek, besteak beste.

Vidartek esan duenez, erosteko irizpideen artean, bildumaren dibertsitate maila handitzea dute helburu, eta artelanen jatorri geografikoa handituko dute horretarako, beste kontinente batzuetako artelanak erosiz, baita emakumeek egindako lan gehiago erosiz ere.

Guggenheimeko zuzendari nagusiak emandako datuen arabera, 29,9 milioi euroko aurrekontua izango du aurten museoak, iazkoa baino % 3,4 handiagoa, Museoak berak sortutako diru-sarrerak (sarreren salmenta, espazioen eta zerbitzuen alokairua…) handitu baitituzte. Erakundeek 9 milioi euro ematen dituzte urtero 2015etik (ordutik ez du igoerarik izan).