Itxi

Artea

Bilbo

Dureroren eta Maezturen lanak zaharberrituko ditu Arte Ederren Museoak

Erredakzioa

'Zaindu-Museoak zaharberritzen du' programaren baitan, Pieter van der Werff, Vicente Larrea, Jose Maria de Ucelay eta Carlos Saenz de Tejada artisten lanak ere zaharberrituko dituzte.

Bilboko Arte Ederren Museoak bere bildumako zortzi artelan zaharberrituko ditu, ''Zaindu-Museoak zaharberritzen du'' urtero antolatzen duten programari esker. Gustavo de Maeztu, Vicente Larrea eta Jose Maria Ucelay euskal artisten hainbat artelan aukeratu dituzte oraingoan; eta, horiekin batera, Alberto Dureroren, Pieter van der Werff Flandriako margolariaren eta Carlos Saenz de Tejada artista espainiarraren lanak ere zaharberrituko dituzte. Programak 60.000 euroko aurrekontua du.

Itsasoko emakumeak Gustavo de Maeztu artista arabarrak 1916an margotuta koadroa izango da zaharberrituko den lanetako bat. Jose Luis Merino Bilboko museoko zaharberritze saileko zuzendariak azaldu duenez, nahiko egoera txarrean dago artelana.

Sanson eta Dalila Pieter van der Werff Flandriako margolariaren&' || 'nbsp;lana ere zaharberrituko dute, horren egoera ere nahiko txarra omen delako.

Alberto Durero artista alemaniarrari dagokionez, Harresiko Ama Birjina margolanarekin egingo dute lan. Aurrekoen aldean, nahiko egoera onean omen dago Dureroren lana, baina garbiketa lanak behar ditu, Merinoren esanetan.

Jose Maria de Ucelay margolari bizkaitarren bi olio-pintura zaharberrituko dituzte: Conversation piece, cum tiffin (Elkarrizketaren eszena, bazkaria) (1951), eta Conversation piece, just leisure (Elkarrizketaren eszena, aisialdia).

Cepa 2 (1967) Vicente Larrearen eskulturan ere hainbat berritze lan egingo dituzte, eta Carlos Saenz de Tejada ilustratzaile espainiarraren kasuan bi marrazkitan egingo dute lan: Milizianoak Extremaduran (1936) eta Euskal herrixka (1936).