Artea
Chillida-Leku irekitzeko
Eusko Jaurlaritzak ez du aintzat hartzen chillidatarren beto eskubidea
Erredakzioa
Apurtutako negoziazioen inguruan familiak sailburuari bidali dion eskutitza dela-eta, Urgellek argi utzi du museoa hartzekotan alde guztietatik ondare horren arduradun izateko hartuko dutela.
Blanca Urgell Kultura sailburuak argi utzi du gaur Eusko Jaurlaritzak ez duela aintzat hartzen Eduardo Chillidaren oinordekoek beto eskubidea izatea.
Horrela erantzun dio Urgellek Eduardo Chillidaren familiak gaur goizean sailburuari bidaliko eskutitzari. Idatzi horretan Chillida-Leku jabego publikokoa izan dadin mantendu izan dituzten negoziazioak zergatik hautsi diren azaldu dute familiako kideek, eta beren iritzia eman ere egin dute.
2010eko abenduaren 31n itxi zituen ateak Chillida-Leku museoak, eta hilabeteetan egon dira negoziatzen Eduardo Chillida zenaren familia eta
instituzioak. Martxoan bertan behera geratu ziren negozio horiek.
Komunikabideei igorritako ohar batean, Urgellek adierazi du euskal instituzioek betiere argi eta garbi esan dutela, bai pribatuan oinordekoei bai publikoan herritarrei, ahalegin handi bat eginez Chillida-Leku bezalako ondare baten ardura bere gain hartzen badute, ondare horren arduradun alde guztietatik izateko hartuko dutela. ''''Horregatik ez dugu aintzat hartu Eduardo Chillidaren oinordekoek beto eskubidea izatea'''', gaineratu du. ''''Hori bai, legeak uzten duen azken mugaraino iristeko prest egon gara, instituzio publikoak onartzeko moduko arbitraje moduak ezartzeko, eta aurretiaz argitu dugu gure sortzaile handiaren oroimena behar bezala zaintzeko oinordekoak bere dituzten eskubide moralak bete-betean errespetatzen ditugula'''', esan du.
''''Sekula ere ez dugu ez instituzioek ez gure inongo ordezkariek zalantzan jarri Chillida-Leku gaur, bihar zein etzi batasun bezala ulertu behar dela, espazioa, baserria eta obra'''', argitu du Urgellek. ''''Izan ere, Chillida-Lekuren baliorik handiena horrexetan dago. Beraz, ez dago ulertzerik zergatik jartzen den susmopean instituzioek alde honetatik behin eta berriz eta garbi adierazi dugun iritzia. Eduardo Chillidaren obrak betiere Chillida-Lekun imajinatu ditugu, eta ez errotonda publikoetan, edo aberats pribatuen eskuetan'''', esan du sailburuak.
Idatzian, Kultura sailburuak gogoratu du instituzioak leialtasunez eta gardentasunez aritu direla prozesu honetan, eta erakundeek negoziazio lanetan egindako lana defendatu du.
Erakundeen eskuzabaltasuna azpimarratuz bukatu du Urgellek oharra. ''''Instituzioek izan duten eskuzabaltasuna, gaurko krisialdian, ezin gehiagokoa izan da, eta nekez errepikatzekoa'''', esan du. ''''Euskal instituzioak eta Eduardo Chillidaren oinordekoen arteko erlazio eta negoziazioen historia luzean zehar, oraingo honetan inoizko hurbilen egon gara hitzarmena lortzetik. Honegatik, biziki deitoratzen dugu Chillida-Leku uztailean berriro zabalik ikusteko mahai gainean jarri genuen aukera galdu izana haren jabeak eta arduradun bakarrak direnek hartu duten erabakiarekin'''', erantsi du.