Arabako Arte Ederren Museoak Bartolome Esteban Murilloren "Escorialeko Andra Maria Sortzez Garbia" pintura izango du ikusgai uztailaren 14ra bitartean. Artelanak 200 urte bete dituela-eta, Madrilgo Prado museoak egitarau berezia antolatu du, eta pintura Gasteizko museoari laga izana "Espainian hara eta hona" proiektuko ekimenetako bat da. Hain zuzen, Madrilgo museoak bere bildumako obra garrantzitsuak lagako dizkie hilabetez Estatuko hainbat museori (erkidego bakoitzeko bati, Madrilgoei izan ezik). Miguel Falomir Prado museoko zuzendaria eta Igone Martinez de Luna Arabako Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko jarduneko diputatua izan dira koadroaren aurkezpen ekitaldian. Murilloren obra ostegun honetatik bisita daiteke, uztailaren 14ra bitarte.