Artea
Apirilak 12 – urriak 6
Giorgio Morandiri eta haren maisuei buruzko erakusketa, Guggenheimen
Agentziak | Erredakzioa
Italiar pintoreak natura hil oso bereziak margotu zituen, konposizioari, koloreari eta argiari dagokienez.
-
Apirilean inauguratuko dute erakusketa. © Giorgio Morandi, VEGAP, Bilbao, 2019
Guggenheim Bilbao Museoak “Atzera begira. Giorgio Morandi eta antzinako maisuak” erakusketa hartuko du apirilaren 12tik urriaren 6ra, XX. mendeko italiar pintore nagusietako baten obraren inguruko ibilbidea, zeinak agerian utziko dituen haren natura hilen eta artearen historian izan zituen erreferenteetako batzuen arteko harremanak.
Arte erakustokitik zehaztu dutenez, “Morandi artearen historiaren ikertzaile fina da, eta erreferente asko hartu zituen kontuan sortzaile gisa ikasteko”.
Bolonian jaioa, Giorgio Morandi (1890-1964) objektuen (botilak, pitxerrak, kutxak eta potoak) eta paisaien errealitatea ikertzen aritu zen 1920tik, eta funtsezko formetara mugatu zituen.
Morandiren natura hilak eguneroko objektu arruntenetan oinarrituta daude; oso pertsonalak dira konposizioari, kromatismoari eta argiari dagokienez, eta muturreraino eramaten dute artistak purutasunerako, kontzentraziorako eta esentzialismorako erakutsi zuen grina.