Artea
Bilboko museoan
Gerra Zibilean ateratako Goyaren hiru erretratu Euskal Herrira bueltan dira
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Arte Ederren Museora eraman dituzten koadroak Lekeitioko familia batenak dira, Frantzian errefuxiatu zena Francoren altxamenduaren ondoren.
-
Bilboko Arte Ederren Museoan daude Lekeitioko familia batenak diren koadroak
Bilboko Arte Ederren Museoak Francisco de Goyak marraztutako hiru erretratu jaso ditu, eta irudiok aztertzen eta zaharberritzen ari dira. Lekeitioko familia batek Frantziara eraman zituen, Francok estatu kolpea jo eta gero.
Miguel Zugaza Bilboko museoaren zuzendariak azaldu duenez, jendaurrean inoiz erakutsi ez diren erretratuak Adan de Yarza Lekeitioko familiarenak dira.
Fuendetodoseko (Zaragoza) maisuak XVIII. mende amaieran egindako erretratuetan pertsona hauek ageri dira: Antonio Adan de Yarza y Tavira, Maria Ramona de Barbachano emaztea eta Bernarda de Tavira y Ceron Cuevas ama.
Margolanak beti egon dira Zubieta jauregian, Adan de Yarza familiaren etxean, baina 1937an, bertatik atera zituzten, Jesus Maria Leizaola Eusko Jaurlaritzako sailburuaren aginduz, eta Frantziara eraman zituzten, Maria Adan de Yarza lanon jabea bertan baitzegoen errefuxiatuta.
Zugazaren esanetan, Frantzian jabearen esku utzi eta gero, lan horiek ahaztuta gelditu ziren, Juliet Wilson Barok, Goyaren lanean aditua den ingeles batek, egungo jabeen esku zeudela jakin duen arte.
“Aditu horri esker, museora ekarri ditugu, aztertu eta zaharberritzeko, eta lan horiek bukatutakoan, apiril amaierarako edo, lehenengoz erakutsi nahi ditugu jendaurrean, jabeek baimena ematen badigute”, esan du Zugazak.