Itxi

Artea

Donostia

'Haizearen Orrazia' kultur ondasun kalifikatu izendatzeko prozesua hasi dute

eitb.eus

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak monumentuaren balioa nabarmendu eta erarik egokienean zaindu nahi dute horrela.

  • 'Haizearen Orrazia'

    20 egun barru onartu nahi du Gobernu Kontseiluak izendapena. Argazkia: Carlos Luna.

Haizearen Orrazia Eduardo Chillidak eta Luis Peña Gancheguik osatutako multzoa (plaza, hiru eskulturak eta ingurune naturala) Monumentu Multzo kategorian kultur ondasun kalifikatu izendatzeko proposamena argitaratu du gaur, otsailak 15, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Hogei eguneko epean alegaziorik egon ezean, Gobernu Kontseiluak dekretu bidez onesteari ekingo dio, eta Ondasun Kalifikatuen Erregistroan sartuko da Haizearen Orrazia-ren multzo monumentala, ingurunea barnean dela.

Horri esker, artelanaren balioa nabarmenduko dute, Jaurlaritzak azaldu duenez, eta, era berean, baliogarria izango da erarik egokienean zaintzeko eta bere irisgarritasuna hobetzeko. Babes hori, gainera, ezinbesteko baldintza da UNESCOk Gizadiaren Ondare izendatzeko balizko prozesu bati hasiera eman nahi izanez gero.

'Haizearen Orrazia-ren Plazaren eta Eskulturen Multzoa' –horrela agertzen da espedientean– babesteko proposamenak hiru eremu hartzen ditu kontuan: Peña Gancheguik diseinatutako plaza, Eduardo Chillidaren hiru eskulturak eta ingurune naturala.

Babes hori onetsitakoan, babes erregimen bat ezarriko da multzoa osatzen duten elementu desberdinetarako, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen arabera.