Artea
Bosteko 2018
Luis Miguel Gomez, Koldo Etxebarria eta Jesús Lizaso, Bosteko erakusketan
Agentziak | Erredakzioa
“Isiltasunaren poetikak” hiru basauriar artisten lanen erakusketa Zornotzan, Arrigorriagan, Leioan, Basaurin eta Getxon ikusi ahal izango da.
Luis Miguel Gomez, Koldo Etxebarria eta Jesus Lizaso bizkaitar artisten obrek osatuko dute Bosteko Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen erakusketa ibiltariaren hogeitabatgarren edizioa. Iñigo Sarriugarte Gomez komisarioak antolatutako erakusketa Zornotzan ikusi ahal izango da lehenik, eta gero Arrigorriagan, Leioan, Basaurin eta Getxon paratuko dute.
Foru erakundeak azaldu duenez, “Isiltasunaren poetikak, oihartzunean dauden esentziak” izenburuak bilatzeko gogoari egiten dio erreferentzia, “baina ez bakarrik artistaren aldetik, ikuslea ere gonbidatzen du izaki bakoitzaren nortasun sakonenarekin harreman gertukoa izatera”.
Artelanak Zelaieta Zornotzako aretoan paratuko dituzte irailaren 23ra arte, eta handik erakusketak Arrigorriagara (Euskaldun Berria aretoa, irailaren 25etik urriaren 14ra), Leioara (Kultur Leioa, urriaren 16tik azaroaren 4ra), Basaurira (Arizko Dorrea, azaroaren 6tik abenduaren 2ra) eta, azkenik, Getxora (Torrene, abenduaren 5etik 30era) egingo du.