Artea
Defizita jasangaitza da
Chillida-Lekuk museoaren itxiera iragarri du
Erredakzioa
Museoan behar-beharrezkoak ikusten dituzten baldintzak betetzen dituen "akordio batera" heltzeko lanean jarraituko omen dute.
Chillida Leku museoak Enplegu Erregulazio Espediente bat iragarri du eta baita museoaren itxiera, 2011ko urtarrilaren 1ean. Halere, Chillida-Leku museoan behar-beharrezkoak ikusten dituzten baldintzak betetzen dituen "akordio batera" heltzeko lanean jarraituko omen dute, Eduardo Chillida eta Pilar Belzunce, museoaren sortzaileek "definititutako baldintzekin, jarraikortasuna lortzeko".
Artistaren senideek agiri batean jakinarazi dutenez, defizita jasangaitza da eta "krisialdi ekonomiko globalak egoera hau larriagotu du, datuak maila jasangaitz batera eramanez, ekimen pribatu baten ikuspuntutik".
Bestalde, bertan egiten diren jarduera paralelo guztiak egiten jarraituko dutela konfirmatu dute, ateak itxita izango dituen arren. Ondare artistikoaren zaintza lanak eta erakusketak egiten jarraituko dute. Era berean, kudeatzaileek "eskerrik beroena" eman diete urte hauetan museoa bisitatu dutenei.
Negoziazioak, Eusko Jaurlaritzarekin
Eusko Jaurlaritza eta Chillida familiako kideak negoziazio prozesuan murgilduta izan dira azken asteotan, Chillida-Leku museoaren etorkizuna aztertzeko. Ustiapen defizita dela-eta, Chillida-Leku aldi baterako ixtearen beharra mahai gainean egon izan da. 10 urte bete ditu aurten Chillida Lekuk, eta urteurren horren ospakizunetan bertan egoeraren inguruko hausnarketa egin zuten arduradunek. Luis Chillidak (artistaren semea da eta museoaren zuzendaria) horrelako proiektu batek instituzio publikoen babesa behar duela adierazi zuen orduan.