Artea
Donostia
Cristina Iglesiasek 2019ko udaberrirako bukatu nahi du Santa Klarako instalazioa
Agentziak | Erredakzioa
Donostiar eskultoreak hiriko uharteko itsasargian “izan denaren memoriarekiko errespetuz“ egingo duen artelanaren inguruko hainbat zertzelada aurreratu ditu.
Cristina Iglesias eskultoreak instalazio bat egingo du Santa Klara Donostiako uhartean: bertako itsasargian artelan bat jarriko du, espazio hori "beti izan den horren memoriarekiko errespetu osoz".
1956an jaio zen hirian egingo duen lehen proiektua izango den honi buruz hitz egin du gaur Iglesiasek Mugak Nazioarteko Arkitektura Bienalean.
“Asmoa zentzumenentzako esperientzia poetiko eta fisikoa sortzea da, zeinak natura eta batik bat itsasoa zaindu beharraz kontzientzia hartzera bultzatuko baikaitu”, esan du artistak kazetariei egindako adierazpenetan.
Iglesiasek azaldu duenez, proposamen berria 2019ko udaberrirako bukatu nahi du, nahiz eta oraindik xehetasunak “kontzeptuen mailakoak” diren eta gehienbat kontu teknikoak ebazten ari den.
Eduardo Chillidaren “Haizearen Orrazia”ren eta Jorge Oteizaren “Eraikuntza Hutsa”ren artean jarriko dute Iglesiasen lana.
“Haien artean egongo naiz, baina ezkutuan”, esan du Iglesiasek, eskultura barrualdean egongo baita eta ez baitu, hortaz, uhartearen kanpo itxura aldatuko.