Itxi

Artea

Donostian

Santa Klarak Cristina Iglesiasen 'obrarik garrantzitsuena' hartuko du

Agentziak | Erredakzioa

Donostiar eskultoreak lan bat paratuko du bere jaioterriko Santa Klara uhartean dagoen itsasargian, eta bisitariari “esperientzia berdingabea” eskainiko dio bertan. 2019an inauguratu nahi dute.

Cristina Iglesias nazioarte mailako ospea lortu duen eskultoreak Donostian, Santa Klara uharteko itsasargian, sortuko duen lana “seguru asko nire ibilbide artistiko osoko garrantzitsuena" izango da, gaur kazetariei esan dienez, eta “esperientzia berdingabea” eskainiko dio bisitariari, haren inguruari, badiari eta itsasoari, lotuta.

Eneko Goia Donostiako alkatearekin batera, prentsaurrekoa eskaini du gaur donostiar artistak, eta 2019an inauguratu nahi duten artelanaren hainbat zertzelada eskaini ditu bertan.

Nazioarte mailako eskultoreak Donostia hiriari lagako dio sormen lan berria, eta Udalak itsasargiaren eremua egokituko du, hainbat urtez hutsik egon baita.

“Seguru asko nire ibilbideko lanik garrantzitsuena izango da -esan du Iglesiasek- eta, halaber, nazioarteko eskulturaren mintzairarentzako ekarpena”.

"Lan apala izango da; izan ere, ez du inguruan duen paisaia aldatuko eta ez zaio berorri gailenduko", baina “lan oso indartsua izango da”, nahiz eta ez duen moldatuko Kontxako uharteko eraikinaren itxura.

Donostian jarriko duten Iglesiasen lehen eskultura izango da, eta, Goiaren hitzetan, hiriak “zorra kitatuko du” horrela, orain arte ez baitzuen artista unibertsal honen lan iraunkorrik bere kaleetan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Donostia