Itxi

Artea

Erakusketa

Guggenheimek Oehlen aleman pintorearen erakusketa zabalduko du urrian

Agentziak | Erredakzioa

2017ko otsailera arte egongo da ikusgai bilduma Bilboko museoan. Ostiralean aurkeztuko dutenarekin, Francis Bacon pintoreari buruzkoarekin, bat egingo du, beraz.

  • Albert Oehlen "Izenbururik gabe (Xabe taula)". © Albert Oehlen

    Albert Oehlen "Izenbururik gabe (Xabe taula)". © Albert Oehlen.

Bilboko Guggenheim museoak “Albert Oehlen: Irudiaren atzean” erakusketa aurkeztuko du urriaren 21ean, azken hamarkadetan arrasto sakonena utzi duen artista baten lanaren lagina. Oehlen Bigarren Mundu Gerraren osteko Alemaniako artista polemikoenetakoa da.

Albert Oehlenen (Krefeld, Alemania, 1954) margoak publizitatetik hartutako metodoak, pintzelkada espresionista, keinu surrealistak eta ordenagailu bidez sortutako irudiak nahasten ditu.

Erakusketan, ez dute atzerabegirakoa bildu nahi izan, ezpada aldarrikapen artistikoa egin, eta bi autorretratu eta hiru sail jarriko dituzte ikusgai. Lehen saila abstraktua da, eta 80ko hamarkadan eginda dago; bigarreneko lanak ordenagailuz egin ditu, 90eko hamarkadan; eta hirugarrena zuhaitzei buruzkoa da, eta burutu gabe dago oraindik.

Azken urteetan, gai nagusitzat duena islatu du Oehlenek bere pinturan, askatasun artistikoa. Museoaren arduradunen hitzetan, “hori argi ikusten da teknika berriak bere betiko mintzairan aplikatzeko erraztasunean, zerbait berri baina ezaguna egiteko duen gaitasunean”.