Itxi

Artea

Erakusketa

Gasteizko martxoaren 3ko gertakarien oihartzun artistikoa, Artiumen

N.V. | eitb.eus

Hilketaren 40. urteurrena dela eta, Juan Genovés. Agustin Ibarrola, Darío Villalba eta beste artista batzuen lanak bildu dituzte Artiumen, “oroimen artistiko eta soziala berreskuratzeko”.

  • "Unión" Agustin Ibarrolaren lana ikusi ahalko da erakusketan, besteak beste

    "Unión" Agustin Ibarrolaren lana ikusi ahalko da erakusketan, besteak beste

Artiumek, Arte Garaikidearen Gasteizko Euskal Zentro-Museoak, erakusketa bat prestatu du, 1976ko martxoaren 3an hiri horretan gertatutakoen oroimen artistikoa eta soziala berreskuratzeko. Egun horretan, bost langile hil eta ehun bat pertsona zauritu zituen Poliziak Arabako hiriburuan, eta oraindik ere ez da erabat argitu orduan gertatutakoa.

Martxoaren 3a Gogoan programaren parte da erakusketa, eta Franco hil osteko lehen urteetan egindako zazpi margolan jarriko dituzte ikusgai, denak ere “kutsu politiko argikoak”. Besteak beste, Juan Genovés, Rafael Canogar eta Agustín Ibarrola artistenak dira lanok.

Juan Genovés valentziarraren El grito (1977) lanak, errealismo politikoa esaten zaion korrontekoak, zabaltzen du erakusketa; Rafael Canogarren bi lan datoz ondoren: La mordaza (1974) eta P-38-76 (1976).

Agustín Ibarrolaren Unión (1973-1975) dago hurrena, figurazioa eta abstrakzioa elkartzen dituen margolan erraldoia; Darío Villalbaren pieza ezagunenetako bat ere, Faz (1978), ikusgai egongo da.

Erakusketako azken bi artelanak Dionisio Blanco (El proceso de Burgos (1970-1971)) eta Juan Suarezenak (Campanadas da mort (1977)) dira. Azken horrek Gasteizen martxoaren 3an gertatutakoak zuzenean aipatzen ditu.

Carmelo Ortiz de Elgea, Santos Iñurrieta eta José Luis Zumeta artisten lanak ere badaude erakusketan.

Martxoaren 3ko beste oroigarri batzuk ere paratu dituzte ikusgai Gasteizko museoan: liburuak, dokumentuak, disko-azalak (Luis Llachen Campanadas a mort, besteak beste)…