Itxi

Artea

''Desenterrados''

Abel Azconak Iruñean duen erakusketaren aurkako kereila aurkeztu dute

N.V. | eitb.eus

Abokatu Kristauen Espainiar Elkarteak artista iruindarra auzitara eraman du, “Desenterrados” Iruñean ikusgai duen erakusketan ostia sagaratuak erabiltzen dituela eta.

  • Urtarrilaren 17ra arte egongo da zabalik erakusketa

    Urtarrilaren 17ra arte egongo da zabalik erakusketa

Abokatu Kristauen Espainiar Elkarteak kereila kriminala jarri dio Abel Azcona artista iruindarrari, “profanazioa” egotzita; “Desenterrados” Azconak Iruñean ikusgai duen erakusketan ostia sagaratuak erakusten direla eta jo du talde horrek auzitara.

Serapio Esparza plazan Iruñeko Udalak duen aretoan dago ikusgai Azconaren lana, bere ibilbidearen bilduma bat, eta erakusketa itxi ezean Udala ere auzitara eramango duela esan du kereila jarri duen taldeak. Erakusketaren aurkezpenean azaldu zutenez, paratu dituzten argazki, binilozko hitz eta instalazioetan “norberaren eta besteren sufrimenduaz” hausnarketa egiten du egileak.

Erakusketako elementu horien artean, Abokatu Kristauen Espainiako Elkartearen salaketak adierazten duenez, “ostia santuen plater bat eta, ostia horiekin idatzita, ‘pederastia’ hitza erakusten duen argazki bat” daude.

Elkartearen arabera, 40.000 pertsonak baino gehiagok protesta egin dute 20 ordutan baino gutxiagotan “sare sozialetan” eta change.org  webgunean, Udalak erakusketa “berehala” ken dezan. Halaber, talde horreako kide batek EiTBri esan dionez, "herritar batek ostia horiek begi-bistatik kendu ditu asteburu honetan".

Kereilaren egileen arabera, erakusketaren egileak berak aitortu du Madrilen eta Iruñean egindako elizkizunetan ostia sagaratuak lapurtu izana: komulgatzera joan eta ostia gorde egiten zuen. Hori, abokatu elkartearen ustez, “profanazio delitu jarraitua eta sentimendu erlijiosoen aurkako delitua" dela dio Zigor Kodeak.

Bestalde, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak ere Abel Azconaren erakusketa ikertzeko eskatu dio Fiskaltzari, deliturik egin duen ala ez argitzeko.

Espainiako Gobernuaren ordezkariak uste du Zigor Kodearen 525. artikulua urra dezakeela erakusketak, erlijio baten dogmari, sinesmenei, errituei edo zeremoniei “irain” egiteagatik. Delitu horentzat 8 eta 12 hilabete arteko zigorra dago aurreikusita.

Erakusketa ostiralean ireki zuten, Serapio Esparza kaleko erakusketa aretoan, eta urtarrilaren 17ra arte egongo da zabalik.

“Ez dago deliturik”

eitb.eus-ek Abel Azconarekin hitz egin du, eta erakusketak ekarritako soka luzearekin harrituta dagoela esan digu: milaka mezu gaitzesle, irain eta mehatxu jaso ditu azken egunotan, eta erakusgai duen lanaren segurtasunak kezkatzen du orain.

Halaber, mundu osoko sei edo zazpi museok interesa agertu diote dagoeneko “Amen” proiektuaren gainean, mezetan jasotako ostiez eginiko irudi sortaren inguruan alegia. Hain zuzen, sail horretako irudi batzuk Arte Garaikidearen Los Angeleseko Museoan erakutsi ditu aurretik ere.

Horrez gain, artistak gogorarazi du hautsak harrotu dituzten irudiek erakusketaren oso zati txikia hartzen dutela; izan ere, “Desenterrados” Gerra Zibilari buruzko sailaren materialak areto osoaren % 80 hartzen du.

Azconak adierazi digunez, bere abokatuarekin hitz egin du, eta inolako delitu zantzurik ez dagoela esan dio honek. Artista mezatara joan, komulgatu eta ostiak gorde zituen, gero beroriekin zenbait artelan egiteko.

Udalarekin harremanetan jartzeko hainbat saiakera egin ditu orain Azconak, aretoaren kudeatzailea denez gero, zenbait sektore katolikok hartu duten jarreraren aurrean artelanaren inguruko segurtasuna indartzeko.

“Desenterrados”

Azconaren lan politiko eta subertsiboa biltzen duen erakusketaren material gehiena Gerra Zibilean fusilatutakoei buruzkoa da.

Erakusketa osatzeko, beste proiektu eta lan batzuetako laginak erantsi ditu artistak, hala nola “The Shadow” pederastiari buruzko lanarena, “Nine Container” zabor fisiko eta emozionalaren kritikarena edo “Empathy and Prostitution”ekoa. Lanotan, bere buruarekin esperimentatu du egileak, barnean duena hobeto ulertzeko prozesuan, jatorria eta haurtzaroko gertakari traumatikoak oinarri hartuta.

Guztira, Azconaren 18 proiektu jotzen ditu erakusketak, lagin txikien bitartez: Enterrados, Lluvia, Guernica, Eudación, Nine container, Biological meeting, EXP.09812, Visibles, The Shadow, Amén, Memoria deconstruida, Vaginas anónimas, Empathy and prostitution, En la calle, El círculo, Las horas, The stairs eta Útero.