Itxi

Artea

Enkantea

Picassoren eta Giacomettiren bi artelan, inoizko garestienak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

"Aljeriako emakumeak" koadroa 179,36 milioi dolarrean saldu dute, eta "Seinalatzen ari den gizonezkoa" eskultura, aldiz, 141,28 milioian.

01:26

Pablo Picasso andaluziar margolariaren eta Alberto Giacometti suitzar eskultorearen bi maisulanek artearen munduko markak gainditu dituzte, Christie's etxeak New Yorken egindako enkante batean, inoizko garestienak izan baitira.

Hain zuzen ere, Les femmes d'Alger (Version 'O') (Aljeriako emakumeak) Pablo Picassoren margolana 179,36 milioi dolarrean saldu dute, eta L'homme au doigt (Seinalatzen ari den gizonezkoa) Alberto Giacomettiren eskultura, aldiz, 141,28 milioian.

Guztira, 34 artelan jarri ditu enkantean bart Christie's etxeak, eta 705,85 milioi dolar bildu ditu.

Picassoren lan berantiar hori 100 milioi dolarrean jarri zuten enkantean, eta azkenean aise gainditu du Three studies of Lucian Freud Francis Bacon artistaren triptikoak 2013ko azaroan ezarri zuen marka. Orduan, 142,4 milioi dolarrean saldu zuten.

Aljeriako emakumeak lana 114x156,4 zentimetrokoa da, eta 1955ean margotu zuen Picassok, Eugene Delacroix frantziar artistak izenburu berberarekin egindako artelan bat oinarri hartuta. Margolari espainiarra tematu egin zen margolan frantziarrarekin, horretan Jacqueline Roque bere azken amorantea agertzen zela uste baitzuen.

Picassok egindako koadroa Victor eta Sally Ganz senar-emazteena zen, eta artista espainiarrari buruzko hainbat erakusketatan erakutsi izan dute, hala nola New Yorkeko Arte Modernoaren Museoan (MoMA), 1957an eta 1980an; Londresko National Gallery museoan, 1960an; eta Parisko Louvren, 2008an eta 2009an.

Aljeriako emakumeak lanaz gain, Christie's etxeak Picassoren beste bi artelan ere saldu ditu enkantean: Buste de femme (Femme a la resille), 67,36 milioi dolarrean; eta Femme assise (Dora Maar), 4,3 milioian.

Enkanteetatik kanpo, inoizko garestiena Nafea Faa Ipoipo (Noiz ezkonduko zara?) Paul Gauguin margolariaren koadroa da. Qatarko Museoen Agintaritzak erosi zion otsailean bildumazale pribatu bati, 300 milioi dolarrean.

Pablo Picasso ''Les femmes d'Alger (Versión 'O')''

"Les femmes d'Alger (Version 'O')" (Aljeriako emakumeak) Pablo Picassoren margolana

Giacomettiren eskultura

Bestalde, L'homme au doigt (Seinalatzen ari den gizonezkoa) Alberto Giacomettiren lana inoizko eskultura garestiena izan da. Giacomettik berak egindako beste batek izan du marka orain arte, L'homme qui marche I izenekoak, 104,3 milioi dolarrean saldu baitzuten 2010ean.

Seinalatzen ari den gizonezkoa 1947an egin zuen suitzar artistak, brontzean, eta 177,5 zentimetroko altuera du. Sei eskulturako bilduma baten parte da, eta hau Giacomettik eskuz margotu zuen bakarra da.

Artelana Fred eta Florence Olsen senar-emazteek erosi zuten 1953an, eta beste bildumazale pribatu bati saldu zioten 1970ean.

Christie's etxeak ez du zehaztu nork erosi dituen artearen munduko markak hautsi dituzten bi artelanak.

Giacometti

"L'homme au doigt" (Seinalatzen ari den gizonezkoa) Alberto Giacomettiren eskultura