Itxi

Artea

Erakusketa

Bilboko Arte Eder museoak Equipo Cronica taldearen lana erakutsiko du

Erredakzioa

Erakusketa maiatzaren 18ra arte bisitatu ahalko da. 1964an sortu eta bere jarduera orduko testuinguru soziopolitikoarekin lotu zuen taldearen lanaren lagin handia ekarri dute Bilbora.

Bilboko Arte Ederren Museoak orain arte Equipo Cronica taldearen inguruan egindako atzera begirako erakusketarik zabalena eskainiko du, BBK Fundazioaren babesari esker. Bilduman, taldearen sorkuntza-fase guztiak daude ikusgai, 1964tik 1981era.

Equipo Crónica taldea 1964an sortu zuten hiru artista valentziarrek: Rafael Solbes (1940-1981), Manuel Valdés (1942) eta Joan Antoni Toledo (1940-1995), azken horrek taldea handik hilabete gutxira utzi bazuen ere. Martxan egondako urteetan, 1981era arte (urte hartan hil zen Solbes), proiekzio publiko zabala izan zuen Espainiako artean, eta presentzia esanguratsua izan zuen Frantzia, Italia eta Alemaniako giro artistikoetan.

Erakusketan, 150 lan inguru bildu dituzte, eta museoko bi espaziotan aurkeztuko dira: BBK aretoan, zenbait serietan artikulatutako 74 pintura eta eskultura; eta 33. aretoan (eraikin modernoko bigarren solairuan), berriz, Valentziako Estampa Popular mugimenduaren 72 marrazki, grabatu, kartel eta jatorrizko dokumentazio. Hain zuzen ere, Solbes, Toledo eta Valdés aipatutako talde horren parte izan ziren, Equipo Crónica sortu aurretik. Era berean, taldearen proposamen artistikoaren hastapenak ere bertan daude ikusgai.

Pop giroaren eta figurazio berriaren eraginpean, Equipo Crónica taldea Parisko hainbat erakusketatan eman zen ezagutzera, joan den mendeko 60ko hamarkadan. Taldean egindako lan anonimoa, tinta lauen erabilera, serietan egindako lanen artikulazioa, komunikabideetatik jasotako irudien oroitzapena eta historiari zein arteari buruzko erreferentzien jabetze kritikoa izan ziren euren jarduera sortzailearen ezaugarririk nagusienak, garai hartako errealitate soziopolitikoarekin nahita lotutakoak.

Hain zuzen ere, gutxi gorabehera, erregimen frankistaren azken hamarkadarekin eta demokraziaranzko trantsizioaren hasierarekin bat egiten duen Espainiako historia bisualki irudikatzeko gaitasuna da taldearen ezaugarririk nabarmenenetakoa.