Itxi

Artea

Omako Basoa

Agustin Ibarrola, Omako Basoa lehengoratzeko lanekin pozik

Erredakzioa

EHUko teknikariak Baso Margotua berriztatzeko lanak egiten ari dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzazioa erabiliz. 2013an hasi ziren lanok, eta 2015ean bukatzea aurreikusi dute.

Agustin Ibarrola pozik agertu da, Omako Basoan egiten ari diren zaharberritze lanak zelan doazen bertatik bertara ikusita. Laurogeiko hamarkadan pintatutako natur elementuei "jatorrizko koloreak" ematen ari zaizkie berriz. Artista bertan izan da, lanen nondik norakoak gertutik jarraitzen.

"Oso efektu positiboa da, jatorrizko koloreak berreskuratu dituztelako", esan du artistak Basoan, Kortezubiko inguru horretan haren lanak konpondu eta iraunarazteko lanek daramaten norabidearekin sano pozik, itxuraz.

Omako Basoa berreskuratzeko proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak eta EHUk gauzatuko dute. Foru erakundeak 72.000 euro erabili ditu, eta EHUko kideen lantaldea 2013an hasi zen lanak egiten, 2015erako bukatzeko asmoz. Uztailean eta abuztuan lan egiten dute, euria ekiditeko.

Lanak hiru fasetan banatu dituzte, eta horietako bakoitzean Basoaren zati batez arduratuko dira: mendebaldea, erdialdea eta ekialdea. Urtean bat hartuko dute.

Ekialdeko zatia bukatuta dago jadanik, Diputazioak jakinarazi duenez, "eta unitate estetiko guztiak lehengoratu dira, zuhaitzak, tximistaren irudia eta guzti", eta "kontrolatu gabeko landarediaren hazkundeak ezkutatzen zituen zatiak argitara atera dira".

Halaber, "arbola margotuen jatorrizko koloreak berreskuratu dira", eta "izurritze maila handia zelako ezkuturik zeuden lanak begi-bistan jarri dira".

Lanak 2014 eta 2015ean "burutzeko" asmoa dute arduradunek, "basoa erabat berriztatuta": "Sektore guztiak goitik behera errekuperatu nahi ditugu, unitate estetiko guztiak lehengoratu, Agustin Ibarrolak pintatu zuen basoaren itxura iradokitzaile eta misteriotsua denok gozatu ahal izan dezagun", esan dute foru ordezkariek.