Itxi

Espainiako Vuelta 2023

Lidergoa ere lortu du

Alejandro Valverderen garaipen ikusgarria Arraten bukatu den etapan

Erredakzioa

Movistarreko txirrindulariak irabazi du etapa, azken esprintean Purito Rodriguez menderatuta. Beraiekin, Froome eta Contador iritsi dira. Beñat Intxausti sailkapen nagusiko bigarren postuan da.

02:51
Alejandro Valverde

Alejandro Valverdek (Movistar) irabazi du Vueltako hirugarren etapa eta lasterketako lider berria da. Oionen hasi eta Arraten (Eibar) bukatu da 155 kilometroko etapa hau.

Etapa polita ikusi ahal izan dugu euskal errepideetatik. Markel Irizar euskal txirrindularia eguneko ihesaldian sartu da, baina tropelak ihesaldian joan diren txirrindulari multzoa Arrate igotzen hasi baino lehen harrapatu du.

Helmugarako sei kilometro falta zirenean, Valverdek piztu du lehia. Erasoa jo du murtziarrak, eta bikain erantzun dute Alberto Contadorrrek, Joaquim Rodriguezek eta Chris Froomek. Ondoren, Contadorren eraso bikoitza etorri da, eta horrek apurtu du tropela. Alberto Contador, Joaquim Rodriguez, Alejandro Valverde, eta Chris Froome geratu dira lasterketa buruan. Igor Antonek (Euskaltel) eta Beñat Intxaustik (Movistar) ondo erantzun diete lehen bi erasoaldietan, baina Contadorrek bigarren erasoa jo eta gero ezin izan dute onenekin jarraitu.

Valverdek eta Joaquim Rodriguezek ez diote Contadorri erreleburik eman. Etapa garaipena zuten buruan, eta beren arteko esprint estuan erabaki da irabazlea. Purito Rodriguezek abantaila hartu du azken metroetan, baina erlaxatu egin da eta Valverdek aurreratu egin du, helmugako marran. Froome (hirugarren) eta Contador (laugarren) beraiekin iritsi dira.

Beñat Intxausti eta Igor Anton euskal txirrindulariak irabazlearengandik sei segundora iritsi dira. Sailkapen nagusian, Alejandro Valverde da liderra. Beñat Intxausti bigarren postuan kokatu da (18 segundo), eta Joaquim Rodriguez hirugarren dago (19 segundo).

Hirugarren etapako sailkapena:

.1. Alejandro Valverde (ESP-Movistar) 3.49:37.
.2. Joaquim Rodriguez (ESP-Katusha) d.b.
.3. Christopher Froome (GBR-Sky) d.b.
.4. Alberto Contador (ESP-Saxo Bank) d.b.
.5. Daniel Moreno (ESP-Katusha) + 06
.6. Bauke Mollema (NED-Rabobank) + 06
.7. Eros Capecchi (ITA-Liquigas) + 06
.8. Beñat Intxausti (EUS-Movistar) + 06
.9. Andrew Talansky (USA-Garmin) + 06
10. Robert Gesink (NED-Rabobank) + 06

Sailkapen nagusia:

.1. Alejandro Valverde (ESP-Movistar) 8.46:56.
.2. Beñat Intxausti (EUS-Movistar) + 18
.3. Joaquin Rodriguez (ESP-Katusha) + 19
.4. Christopher Froome (GBR-Sky) + 20
.5. Alberto Contador (ESP-Saxo Bank) + 24
.6. Bauke Mollema (NED-Rabobank) + 28
.7. Robert Gesink (NED-Rabobank) + 28
.8. Rigoberto Uran (COL-Sky) + 30
.9. Daniel Moreno (ESP-Katusha) + 33
10. Igor Anton (EUS-Euskaltel) + 46