Itxi

Espainiako Vuelta 2023

Abuztuaren 18an hasiko da

Igotzaileentzat ibilbide aproposa Espainiako Vueltan

Erredakzioa

Menditsua izango da aurtengo itzuli espainiarra. Contador, Froome, Igor Anton, Purito Rodriguez, Valverde eta Cobo bezalako txirrindunlariak daude protagonista izatera deituak.

  • Juan Jose Cobo, 2011ko Espainiako Vueltako irabazlea. Argazkia: EFE

Larunbat honetan hasiko da Espainiako Vuelta, Iruñean, taldekako erlojupeko batekin (16 kilometro). Aurtengo edizioa aproposa da igotzaileentzat, hogeita bat etapetatik hamar maldan gora bukatuko baitira.

Vueltaren aurtengo ibilbidea ez da Penintsulako hegoaldera helduko, eta bigarren urtez jarraian Euskal Herrtik pasako da. Bigarren etapa Iruñean hasi, eta Vianan bukatuko da. Hirugarren etapan Arrate igo beharko dute txirrindulariek. Arrateko maldan gora ikusi ahalko dira lehen diferentziak.

Chris Froome, Alberto Contador, Igor Anton, 'Purito' Rodriguez, Juan Jose Cobo eta Alejandro Valverde txirrindulariak daude protagonista izatera deituak.

Arrateko etapa gaindituta, Valdezcarayn bukatuko da hurrengo etapa. Bi egun geroago, Fuerte Rapitan (Jaca) mendatea igo beharko dute txirrindulariek helmugatik gertu. Esprinterrek ez dute aukera askorik izango lehen aste honetan: Logroñon eta Alcañizen bukatuko diren etapetan saiatu beharko dira garaipenak lortzen. Atseden egunera iritsi orduko, txirrindulariek Espainiako Itzuliko etapa luzeena gainditu beharko dute, Andorra eta Bartzelona artekoa. 194 kilometro izango ditu etapak, eta Montjuiceko igoerarekin bukatuko da.

Atseden egunaren ostean, Galiziatik ibiliko dira txirrindulariak, eta bertan izango dituzte Vueltako etaparik samurrenak. 40 kilometroko erlojupekoan espezialistek aukera izango dute, eta gainerako etapetan esprinterrek izango dute aukera. Hamabigarren etapan egongo da salbuespen bakarra, Ezaro mendatea gainditu beharko baitute parte-hartzaileek.

Hurrengo lau etapetan mendateak igo beharko dituzte Vueltan. Ancares mendateak faboritoen indarrak neurtuko ditu 14. etapan. Hurrengo egunean, Covadongako Lakuetako igoerak diferentziak ezarriko ditu faboritoen artean, eta 16. etapan Cuitu Negru (Xixon) mendatea izango da epaile.

Azken astea Fuente De mendatean bukatuko den etaparekin hasiko da, baina nahiko igoera erosoa da eta ez da faboritoen artean lehiarik espero. Valladoliden eta La Lastrillan (Segovia) bukatuko diren etapetan, esprinterrek izango dute berriz aukera.

Baliteke sailkapen nagusia hogeigarren etapan erabakita gelditzea, Bola del Mundoko igoeran. Mendate gogor honetan alde erabakigarriak lor daitezke, oso igoera gogorra baita. Azken etapa Cercedilla eta Madril artean egingo da. Ordurako, guztia erabakita egongo da.