Frantziako Tourra
Dopina
Armstrongen Frantziako zazpi Tourrak irabazlerik gabe utzi ditu UCIk
Erredakzioa
Dopinean erori ez ziren txirrindularientzako erabakia bidezkoa ez dela uste du Batzordeak, baina postuen aldaketarekin irabazitako probek meritu txikia dutela erantsi du.
"Batzordeak garaipenak beste txirrindulariei ez ematea erabaki du, ezta gainerako lehiaketetako sailkapenak aldatzea ere", azaltzen du UCIko Batzordeak. Armstrong auziaren ondorioak aztertzeko bilera egin du UCIk Genevan.
Dopinean erori ez ziren txirrindularientzako erabakia bidezkoa ez dela uste du Batzordeak, baina postuen aldaketarekin irabazitako probek meritu txikia dutela erantsi du. Gainera, lehiaketa horien inguruan beti zalantzak izango direla gaineratu du UCIk.
"Garai ilun horren inguruan zalantzak izango dira beti, nahiz eta garbi lehiatu zirenentzat gogorra izan, postuen aldaketarekin irabazteak ohore gutxi duela ulertuko dute", erantsi du.
Dirua itzultzea
Era berean, Armstrongi eta gainerako txirrindulariei sariekin lortutako dirua bueltatzeko eskatu die UCIk.
Bestalde, UCIk Kanpo Batzorde Independente bat sortzea erabaki du gaur, Armstrong auzia ikertzeko.