Frantziako Tourra
Tourreko 113. ekitaldia
2026ko Frantziako Tourreko lehen etapan 19,7 kilometroko taldekako erlojupekoa jokatuko dute, Bartzelonan
EITB MEDIA
Lasterketako 113. ekitaldiko lehen hiru etapak Katalunian egingo dituzte. Taldekako erlojupekoa Montjuicen bukatuko da; bigarren etapa, 178 kilometrokoa, Tarragonan hasiko da eta Bartzelonan amaitu; eta hirugarren etapa Granollersetik abiatuko da.
-
Visma taldea, artxiboko irudian, taldekako erlojupeko batean. Argazkia: EFE.
2026ko Frantziako Tourra datorren urteko uztailaren 4an hasiko da, larunbatez, Bartzelonan, eta lehen etapan taldekako erlojupeko bat jokatuko dute, asteartean lasterketako antolatzaileek iragarri dutenez. Lasterketako 113. ekitaldiaren "Grand Depart" izenekoaren aurkezpenean zehaztu dutenez, 2026ko Frantziako Tourreko aurreneko hiru etapak Katalunian egingo dituzte; taldekako erlojupekoak 19,7 kilometroko ibilbidea izango du; bigarren etapa, 178 kilometrokoa, Tarragonan hasiko da eta Bartzelonan amaitu; eta hirugarren etapa Granollersetik abiatuko da.
Testuinguru horretan, lehenengo etapan, 2026ko uztailaren 4an, taldekako erlojupekoak berritasuna izango du; izan ere, talde bakoitzean helmugaratuko den lehen txirrindulariak markatuko du taldekide guztientzako denbora. Etapa igoeran amaituko da, Montjuicen. Frantziako Tourrak 2019an jarri zuen jokoan, azkenengoz, taldekako erlojupeko bat; Jumbo-Vismak eskuratu zuen garaipena orduan, Bruselan, lasterketako bigarren egunean.
113. Frantziako Tourraren bigarren etapa 2026ko uztailaren 5an izango da, igandez, eta Tarragonan hasi eta Bartzelonan amaituko da. Guztira, 178 kilometroko ibilbidea izango du. Kataluniako hiriburuan, azken zatian, hiru aldiz igo beharko dute ziklistek Montjuiceko Gazteluraino.
Hirugarren etapa uztailaren 6an jokatuko dute, eta, oraingoz, baieztatu dute Granollersen izango duela irteera.
Uztailaren 2an, halaber, parte hartuko duten taldeak eta txirrindulariak aurkeztuko dituzte, asteartean iragarri dutenez.