Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

20. ETAPA

Ahalegin berezirik egin gabe irabazi du Pogacarrek bere bosgarren etapa Tourrean

Gaizka Palacios | EITB Media

Tadej Pogacarrek gaurkoan ez du erasora jo. Jonas Vingegaarden gurpila jarraituz egin du etapa osoa, eta biak bakarrik geratu direnean, helmugarako metro gutxiren faltan, aurrea hartu dio, Tourreko onena bera dela berretsita. Carapaz izan da hirugarrena eta Evenepoel laugarrena.

1:18
Tadej Pogacar, helmugan, besoak altxatuta. Argazkia: EFE

Tadej Pogacarrek (UAE) irabazi du Frantziako Tourreko 20. etapa, Couillole mendatean nagusituta, eta, horrenbestez, bere bosgarren garaipena lortu du aurtengo edizioan. Jonas Vingegaard (Visma) izan da bigarrena, eta haien atzetik sartu dira Richard Carapaz (EFE), Remco Evenepoel (Soudal) eta Enric Mas (Movistar).

Frantziako Tourra erabakita dagoela, txirrindulari esloveniarrak gaurkoan ez du erasora jo. Vingegaarden eta Evenepoelen esku utzi du erantzukizuna, eta horien gurpilari jarraitu besterik ez du egin. Alabaina, ia nahi gabe, lasterketa-buruan amaitu du Vingegaardekin batera, eta, inork zalantzarik bazuen, onena bera dela erakutsi du, garaipena esprintean erdietsita.

Eguneko ihesaldia hamar lagunek osatu dute: Richard Carapaz (EFE) mendiko liderra, Wilco Kelderman (Visma), Jan Tratnik (Visma), Marc Soler (UAE), Jasper Stuyven (Lidl-Trek), Enric Mas (Movistar), Romain Bardet (DSM), Bruno Armirail (AG2R), Kevin Geniets (FDJ) eta Tobias Johannessen (Uno-X).

Elkarrekin iritsi dira Couillole 16 kilometroko mendatearen lehen maldetara, baina ibilbidea gogortu ahala, hamarreko taldea murriztuz joan da, eta Armirail, Tratnik, Geniets eta Stuyven atzean geratu dira.

Atzean, berriz, Pogacar, Vingegaard, Evenepoel eta sailkapen nagusiko indartsuenen taldetxoa lasterketa-burura gerturatzen hasi dira, unez batez lau minutukoa izan den aldea bi minutu eta erdira murriztuta.

Lasterketa horrela zegoela, Pogacarrek bezperako balentria errepikatuko ote zuen zalantzarekin, Carapazek eta Masek erritmoa estutu dute helmugatik 10 kilometrora, eta bakarrik geratu dira lasterketa-buruan.

Zazpi kilometroren faltan, Evenepoelek erasoa jo du, aurrez Mikel Landak egindako lan onari jarraipena emanda, baina Vingegaardek, Pogacarrek eta Almeidak berehala erantzun diote, eta ezerezean geratu da txirrindulari flandriarraren ahalegina.

Edonola ere, aurrerago berriro saiatu da Evenepoel, baina Vingegaardek segituan erantzun dio, eta arnasa hartzeko astirik eman gabe, kontraerasora jo du txirrindulari daniarrak, eta Pogacarrek soilik jarraitu dio haren gurpilari. Evenepoel atzean geratu da.  

Gauzak horrela, aurrekoak konturatu dira Tourreko onenak gerturatzen ari zitzaizkiela, eta elkarri erasoka hasi dira Mas eta Carapaz, bakarka aurrera egin eta etapa garaipena eskuratzeko asmoz. Alabaina, hamaika saiakera egin arren, alferrik izan da: 2,5 kilometrora harrapatu dituzte Vingegaardek eta Pogacarrek.

Azken kilometrora biak bakarrik iritsi dira, eta azken metroetan Pogacarrek aurrea hartu dio Vingengaardi, eta aise irabazi du bere bosgarren etapa aurtengo Tourrean. Aurtengo edizioan onena bera dela berretsi du txirrindulari esloveniarrak. Edonola ere, Vingegaard ere pozik egon daiteke, podiumeko bigarren postua sendotu baitu, maila oso ona emanda.

Frantziako Tourra igande honetan amaituko da, Monaco eta Niza artean 33,7 kilometroko erlojuaren kontrako saioa jokatuta. 111 urteko historian lehen aldiz, Tourra ez da Parisen bukatuko. 

ETAPAKO SAILKAPENA:

1. POGACAR Tadej (UAE) 4:04:22

2. VINGEGAARD Jonas (Visma) +0:07

3. CARAPAZ Richard (EFE) +0:23

4. EVENEPOEL Remco (Soudal) +0:53

5. MAS Enric (Movistar) +1:07

6. ALMEIDA João (UAE) +1:28

7. JORGENSON Matteo (Visma) +1:33

8. LANDA Mikel (Soudal) +1:41

9. YATES Adam (UAE) +1:43

10. BARDET Romain (DSM) +1:52

 

SAILKAPEN NAGUSIA:

1. POGACAR Tadej (UAE) 82:53:32

2. VINGEGAARD Jonas (Visma) +5:14

3. EVENEPOEL Remco (Soudal) +8:04

4. ALMEIDA João (UAE) +16:45

5. LANDA Mikel (Soudal) +17:25

6. YATES Adam (UAE) +21:11

7. RODRÍGUEZ Carlos (INEOS) +21:12

8. JORGENSON Matteo (Visma) +24:26

9. GEE Derek (Israel) +24:50

10. CICCONE Giulio (Lidl-Trek) +25:48