Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2024

19. ETAPA

Pogacar jaun eta jabe Frantziako Tourreko etapa nagusian

EITB Media

Etapa nagusia erakustaldia eskainita irabazteaz gain, txirrindulari esloveniarrak eskura dauka bere hirugarren Frantziako Tourra, ia bi minutuko aldea atera baitie Jonas Vingegaardi eta Remco Evenopoeli.

1:30
Tadej Pogacar Isolako helmugan. Argazkia: EFE

Tadej Pogacar (UAE) esloveniarrak enegarren erakustaldia eman du, eta bere laugarren etapa garaipena lortu du aurtengo Frantziako Tourrean, Isola 2000 mendatean bakar-bakarrik helmugaratuta. Gainera, Jonas Vingegaardi eta Remco Evenepoeli ateratzen dien aldea nabarmen handitu du, eta, ondorioz, eskura du Frantziako Tourra hirugarrenez irabaztea.

Vismak etapa hasi eta berehala jarri du martxan bere estrategia, Mattero Jorgenson eta Wilko Kelderman eguneko ihesaldian sartuta. Txirrindulari handiak izan dira iheslarien artean; Richard Carapaz, Simon Yates eta Jai Hindley, tartean.

Vismaren hasierako asmoa argia zen: azken mendatean Vingegaardek Pogacarri erasoa jotzea, eta aurretik zihoazen taldekideekin batzea, elkarrekin aurrera egiteko gero. Alabaina, ez da horrelakorik gertatu, liderrak sendotasun handiz eta taldekidez inguratuta igo baititu eguneko mendate guztiak.

Horrela, Isola 2000 mendatearen igoeran, Vismak etapa lehiatzea erabaki du, eta Jorgensonek erasora jo du, Carapaz, Yates eta Kelderman atzean utzita.  

Bitartean, atzerago, helmugatik 9 kilometrora, Pogacarrek berak jo du erasoa, Vingegaard, Evenepoel eta sailkapen nagusiko onenak atzean utzita, erraz. Ziztu bizian joan da, eta helmugatik hiru kilometrora harrapatu ditu Carapaz, lehendabizi, eta Yates, geroxeago. Bietako batek ere ez du ahalmenik izan haren gurpilari jarraitzeko, eta gauza bera gertatu zaio Jorgensoni, helmugatik bi kilometrora.

Nagusitasunez gailendu da, beste behin, Pogacar. Tourraren 2024ko edizioko bere laugarren etapa bereganatu du, eta, ezbeharrik ez bada, hirugarrenez irabaziko du aurten Frantziako Tourra. Podiumeko bigarren tokia eskuratzeko lehian ibiliko dira, berriz, Vingegaard eta Evenepoel azkeneko bi etapetan.

ETAPAKO SAILKAPENA:

1. POGACAR Tadej (UAE) 4:04:03

2. JORGENSON Matteo (Visma) +0:21

3. YATES Simon (Jayco) +0:40

4. CARAPAZ Richard (EF Education) +1:11

5. EVENEPOEL Remco (Soudal) +1:42

6. VINGEGAARD Jonas (Visma) d.b.

7. ALMEIDA João (UAE) +2:00

8. LANDA Mikel (Soudal) d.b.

9. KELDERMAN Wilco (Visma) +2:52

10. GEE Derek (Israel) +3:27

SAILKAPEN NAGUSIA:

1. POGACAR Tadej (UAE) 78:49:20

2. VINGEGAARD Jonas (Visma) +5:03

3. EVENEPOEL Remco (Soudal) +7:01

4. ALMEIDA João (UAE) +15:07

5. LANDA Mikel (Soudal) +15:34

6. RODRÍGUEZ Carlos (INEOS) +17:36

7. YATES Adam (UAE) +19:18

8. GEE Derek (Israel) +21:52

9. JORGENSON Matteo (Visma) +22:43

10. CICCONE Giulio (Lidl-Trek) +22:46