Frantziako Tourra
18. etapa
Victor Campenaertsek irabazi du Barcelonnetten, eta aurrenekoz gailendu da Frantziako Tourrean
EITB MEDIA
Lotto Dstny taldeko belgikarrak, azken metroetan, Matteo Vercher (TotalEnergies) eta Michal Kwiatkowski (INEOS) menderatu ditu; izan ere, hiru ziklista horiek izan dute jokoan etapa garaipena. 30 gizon baino gehiago izan dira eguneko ihesaldian, eta tropela ia 14 minuturen buruan helmugaratu da.
-
Campenaerts izan da onena, eguneko ihesaldian. Argazkia: EFE.
Lotto Dstny taldeko Victor Campenaerts txirrindulari belgikarrak irabazi du 2024ko Frantziako Tourreko hamazortzigarren etapa, Barcelonnetten; izan ere, bera izan da onena jardunaldia markatu duen eta 30 txirrindularik baino gehiagok osatu duten ihesaldian. Campenaertsek azken metroetan, Matteo Vercher (TotalEnergies) eta Michal Kwiatkowski (INEOS) menderatu ditu; hain zuzen, hiru ziklista horiek izan dute jokoan etapa garaipena. Sailkapen nagusian, ez dago nabarmentzeko moduko aldaketarik: Tadej Pogacarrek lider jarraitzen du, Tourra amaitzeko hiru egun gelditzen zirela.
Aurreikuspena zen ihesaldia egon zitekeela, eta ihesaldi horrek arrakasta izan zezakeela; bada, bete egin da uste hori. Oier Lazkano eta Alex Aranburu (Movistar), berriro ere anbizio handiz eta indartsu, lasterketa buruko multzoan sartu dira; multzo hori oso jendetsua zen, eta maila handikoa. Bi euskal txirrindulariek garaipena izan dute helburu, baina, azkenean, ohorezko postuak eginda amaitu dute eguna.
Testuinguru horretan, Campenaertsek, talde gizon horietako bat bera, aurreneko aldiz lortu du etapa poltsikoratzea Frantziako Tourrean. Flandriarra erlojupekoetan moldatzen da ondoen, eta 2021ean Italiako Giroan irabazi zuen etapa bat. Orain, 32 urte dituela, bere kirol ibilbideko garaipenik nagusiena eskuratu du.
Ostiralean, 111. Frantziako Tourreko 19. etapan, Alpeetako jardunaldi handia jokatuko dute. Etapa Embrunen hasi eta Isola 2000n amaituko da, 144,6 kilometro eginda. Hiru mendate igo beharko dituzte txirrindulariek, maila bereziko bi, eta 1. mailako bat; azken horretan izango da helmuga, gainera. Indartsuenentzako eguna izango da.
Etapako sailkapena
1 - CAMPENAERTS Victor (Lotto) 4:10:20
2 - VERCHER Matteo (TotalEnergies) d. b.
3 - KWIATKOWSKI Michal (INEOS) d. b.
4 - SKUJINS Toms (Lidl) + 0:22
5 - LAZKANO Oier (Movistar) d. b.
6 - LEMMEN Bart (Visma) d. b.
7 - NEILANDS Krists (Israel) d. b.
8 - HINDLEY Jai (Red Bull) d. b.
9 - VAN AERT Wout (Visma) + 0:37
10 - MATTHEWS Michael (Jayco) d. b.
14 - ARANBURU Alex (Movistar) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - POGACAR Tadej (UAE) 74:45:27
2 - VINGEGAARD Jonas (Visma) + 3:11
3 - EVENEPOEL Remco (Soudal) + 5:09
4 - ALMEIDA Joao (UAE) + 12:57
5 - LANDA Mikel (Soudal) + 13:24
6 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) + 13:30
7 - YATES Adam (UAE) + 15:41
8 - CICCONE Giulio (Lidl) + 17:51
9 - GEE Derek (Israel) + 18:15
10 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) + 18:35