Frantziako Tourra
16. etapa
Jasper Philipsenek irabazi du Nimeseko esprinta, eta hiru etapa daramatza 2024ko Frantziako Tourrean
EITB MEDIA
Alpecin-Deceuninck taldeko txirrindulari belgikarra izan da azkarrena etapako azken metroetan, eta, garaipena hori zenbatuta, hiruna dabiltza Biniam Girmay eta bera; Girmay helmugarako 1,4 kilometro gelditzen zela jausi da. Sailkapen nagusian, aldaketarik ez da, eta Pogacarrek lider jarraitzen du.
-
Jasper Philipsen hirugarrenez gailendu da aurtengo Tourrean. Argazkia: EFE.
Alpecin-Deceuninck taldeko Jasper Philipsen txirrindulari belgikarrak irabazi du 2024ko Frantziako Tourreko hamaseigarren etapa, Nimesen, esprintean, eta, horrenbestez, hiru etapa garaipen daramatza 111. Tourrean. Bitartean, sailkapen nagusian, UAE Emirates taldeko Tadej Pogacar ziklista esloveniarrak lider jarraitzen du, eta ez da nabarmentzeko moduko aldaketarik izan, aurreneko postuei dagokienez.
Jardunaldi lasaia izan da; txirrindulariek amaierarako utzi dute interesgarriena. Esprinta jokatu aurretik, ihesaldi bat soilik izan da, eta TotalEnergies taldeko Thomas Gachignard frantziarrak egin du, baina tropelak une oro izan du kontrolpean; Gachignardek 160 kilometro eman ditu ihes eginda. Tarte erabakigarrian, helmugarako 1,4 kilometro gelditzen zirela, Biniam Girmay puntukako sailkapeneko liderra erori egin da; Intermarcheko eritrearrak aukera polita zuen garaipena lehiatzeko, baina, azkenean, ezin izan du hori egin.
Philipsen gero eta hobeto dabil Tourrean, eta bikain baliatu du Girmay ez izatea, etapa ezin hobeto eskuratzeko. Taldeak ere lan ederra egin dio, Mathieu van der Poelek bereziki; Philipsen hirugarrenez gailendu da Tour honetan, eta, guztira, bederatzi etapa garaipen ditu Frantziako Tourrean, bere palmaresean.
Asteazkenean, 111. Frantziako Tourrak 17. etapa jarriko du jokoan. Jardunaldia Saint-Paul-Trois-Chateauxen hasi eta Superdevoluy 3. mailako mendatean amaituko da, eta 177,8 kilometroko ibilbidea izango du. Azken zatian, 1. mailako Noyer mendate gogorra igo beharko dute txirrindulariek.
Etapako sailkapena
1 - PHILIPSEN Jasper (Alpecin) 4:11:27
2 - BAUHAUS Phil (Bahrain) d. b.
3 - KRISTOFF Alexander (Uno-X) d. b.
4 - BENNETT Sam (Decathlon) d. b.
5 - VAN AERT Wout (Visma) d. b.
6 - ACKERMANN Pascal (Israel) d. b.
7 - COQUARD Bryan (Cofidis) d. b.
8 - WAERENSKJOLD Soren (Uno-X) d. b.
9 - GIBBONS Ryan (Lidl) d. b.
10 - VAN POPPEL Danny (Red Bull) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - POGACAR Tadej (UAE) 66:07:51
2 - VINGEGAARD Jonas (Visma) + 3:09
3 - EVENEPOEL Remco (Soudal) + 5:19
4 - ALMEIDA Joao (UAE) + 10:54
5 - LANDA Mikel (Soudal) + 11:21
6 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) + 11:27
7 - YATES Adam (UAE) + 13:38
8 - CICCONE Giulio (Lidl) + 15:48
9 - GEE Derek (Israel) + 16:12
10 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) + 16:32