Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

14. etapa

Pogacar nagusitu da Saint-Lary-Soulan Pla d'Adeten, eta lidertza sendotu du

EITB Media

Tadej Pogacarrek etapa garaipena bereganatu du Frantziako Tourreko 14. Etapan. 43 segundo atera dizkio Vingegaardi eta minutu bat eta 14 segundo Evenepoeli. Hala, bada, sailkapen nagusian liderrak minutu bat eta 57 segundo ateratzen dizkio danimarkarrari.

2:37
Tourra

Tadej Pogacarrek (UAE Emirates) irabazi du Frantziako Tourreko 14. etapa, Pau eta Saint-Lary-Soulan Pla d'Adeten () artekoa, eta lidertza sendotu du esloveniarrak.

Jonas Vingegaard (Visma-Lease a Bike) izan da bigarren Pogacarrekiko 43 segundora eta Remco Evenepoel (Soudal-Quick Step) hirugarren irabazlearekiko minutu bat eta 14 segundora.

Hainbat izan dira ihesaldi saiakerak etaparen hasieran, baina tropelak jarritako erritmoa bizia izan da, eta saiakerek ez dute fruiturik eman. Helmugarako 70 kilometro baino apur bat gehiago falta zirenean hasi dira txirrindulariak Tourmalet mitikoa igotzen. Tourra irabazteko faboritoen artean ez du surik piztu, baina David Gauduk (Groupama-FDJ) jo du erasoa. Frantziarraren atzetik abiatu da Oier Lazkano (Movistar). Euskal txirrindulariak Gaudu harrapatu du, baita atzean utzi ere, eta Lazkano izan da lehena Tourmalet gainean. Etapa hasieran EITB Mediako mikrofonoetan esan du Tourmalet berezia dela berarentzat; bada, esan eta egin. Indartsuena izan da Tourmateleko mendiko pankartan.

Jaitsieran jotzen jarraitu du Oier Lazkanok, eta gasteiztarrari beste bedaratzi ziklista gehitu zaizkio. Beraz, txirrindulari hauexek osatu dute lasterketa buruko taldetxoa: Oier Lazkano, David Gaudu, Mathieu van der Poel (Alpecin Deceuninck), Bruno Armirail (Decathlon AG2r La Mondiale), Michal Kwiatkowski (Ineos-Grenadiers), Ben Healy (EF Education-Easy Post), Sean Quinn (EF Education-Easy Post), Louis Meintjes (Intrmarche-Wanty), Alxey Lutsenko (Astana Qazaqstan) eta Magnus Cort (Uno-X Mobility).

Gero, Hourquette d'Ancizan bigarren mailako mendateko lehen maldetan, Gauduk bizitu du erritmoa. Oier Lazkano frantziarrarekin batera abiatu da. Kwiatkowskik, Armirailek, Healyk eta Meintjesek. Atzean geratu dira Lutsenko, Van der Poel, Quinn eta Cort. Geroago Armirailek ere ezin izan du lasterketa buruko boskotearen erritmoa jarraitu. Hourquette d'Ancizan gainean Gaudu izan da indartsuena eta Oier Lazkano bigarren.

Jada, azken mendatean, Saint-Lary-Soulan Pla d'Adeten, Gauduk eta Healyk egin dute aurrera. Lazkano, aldiz, atzean geratu da; baita Kwiatkowski eta Meintjes ere. Geroago, Healy bakarrik geratu da lasterketa buruan.

Faboritoen tropelarekiko minutu pasatxoko aldearekin ibili da Healy. Helmugara iristeko zazpi kilometro falta zirenean Tadej Pocararrentzat lanean ibili den Adam Yatesek (UAE Emirates) egin du aurrera. Orduan, Matteo Jorgenson (Visma-Lease a Bike) Jonas Vingegaarden taldekidea jarri da lanean faboritoen tropelean.

Adam Yatesek Healeyrekin bat egin du amaierarako bost kilometrora; gainera, ia une berean, Pogacarrek erasoa jo du faboritoen multzoan. Esloveniarrak bat egin du Yatesekin, eta atzean utzi du taldekidea. Pogacar lasterketa buruan geratu da, baina Vingegaard atera da haren bila, Evenepoelekin batera. Bazirudien Vingegaardek Pogacar harrapatuko zuela, baina lasterketako liderrak beste erritmo aldaketa bat egin du.

Vingegaardek ezin izan du Pogacarren erritmo bizia jarraitu; beraz, Esloveniakoak etapa garaipena bereganatu du. Vingegaardek gurutzatu du helmuga bigarren postuan, 39 segundora, baina Pogacarrek gainsaria hartuta, beste lau segundo sartu dizkio danimarkarrari. Remco Evenepoel izan da hirugarren liderrarekiko minutu bat eta 8 segundora. Belgikarrari sei segundo gehiago atera dizkio gainsariarengatik.

Ondorioz, Tadej Pogacarrek lidertza sendotu du. Orain, sailkapen nagusian, Pogacarrek minutu bat eta 57 segundo ateratzen dizkio Jonas Vingegaard bigarrenari eta bi minutu eta 22 segundo Remco Evenepoel hirugarrenari.

14. etapako sailkapena:

1 - POGACAR Tadej (UAE) 4:01:51
2 - VINGEGAARD Jonas (Visma) +0:39
3 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +1:08
4 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) +1:19
5 - CICCONE Giulio (Lidl) +1:23
6 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) d. b.
7 - YATES Adam (UAE) d. b.
8 - GALL Felix (Decathlon) +1:26
9 - JORGENSON Matteo (Visma) +1:29
10 - GEE Derek (Israel) d. b.
11 - LANDA Mikel (Soudal) d. b.

Sailkapen nagusia:

1 - POGACAR Tadej (UAE) 56:42:39
2 - VINGEGAARD Jonas (Visma) +1:57
3 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +2:22
4 - ALMEIDA João (UAE) +6:01
5 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) +6:09
6 - LANDA Mikel (Soudal) +7:17
7 - YATES Adam (UAE) +8:32
8 - CICCONE Giulio (Lidl) +9:09
9 - GEE Derek (Israel) +9:33
10 - JORGENSON Matteo (Visma) +10:35