Frantziako Tourra
Uztailak 6, larunbata
2024ko Frantziako Tourraren 8. etaparen profila eta ibilbidea: Semur en Auxois - Colombey les Deux Églises
EITB MEDIA
Jardunaldiak 183,4 kilometroko ibilbidea du, eta profil laua, baina bost mendate puntuagarri izango dira: 3. mailako bi eta 4. mailako hiru.
-
2024ko Frantziako Tourraren 8. etapako profila. Irudia: letour.fr.
2024ko Frantziako Tourreko zortzigarren etapa, uztailaren 7an, larunbatez, Semur-en-Auxois udalerrian hasi eta Colombey-les-Deux-Eglisesen amaituko da, eta 183,4 kilometroko ibilbidea izango du. Txirrindulariek bost mendate puntuagarri igo beharko dituzte, baina 3. eta 4. mailakoak izango dira, eta, hortaz, baliteke garaipena esprintean jokatzea.
24,1. kilometroan iritsiko da aurreneko mendatea, 3. mailakoa: Cote de Vitteaux. Zortzi kilometro eta batez beste % 5,5eko maldak dituen mendatearen ostean, Cote de Villy-En-Auxois igo beharko dute ziklistek. Cote de Verrey Sous Salmaise 3. mailako mendatea gaindituta, Cote de Santenoge aurkituko dute 96,7. kilometroan. Cote Giey-Sur-Aujon izango da eguneko azken mendatea; laburra da, 1,2 kilometrokoa, baina gogorra, batez beste % 8,4ko maldak baititu.
Azkenean, Colombey-les-Deux-Eglisesen helmugaratuko dira ziklistak. Errepideak gora joko du azken hiru kilometroetan, eta kontuan izan beharko dute, etapako amaiera baldintzatu ahal duelako.
Etapa zuzenean izango da ikusgai, EITBn; eitb.eus atarian 13:25ean hasiko da emanaldia, eta ETB1en, ordea, 15:00etan.
ETAPAKO PROFILA
Ikusi 7. etapako profila | Ikusi 8. etapako profila
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 8. etapa (uztailak 6)
Ibilbidea: Semur en Auxois - Colombey les Deux Eglises
Distantzia: 183,4 km
Goranzko desnibel metatua: 2.400 m
Hasiera-ordua: 13:05
Amaiera-ordua: 17:19 (46 km/h) | 17:30 (44 km/h) | 17:42 (42 km/h).
Mendiko saria: Cote de Vitteaux (3. mailakoa), 24,1. kilometroan; Cote de Villy en Auxois (4. mailakoa) 32,5. kilometroan; Cote de Verrey sous Salmaise (3. mailakoa), 38,8. kilometroan; Cote de Santenoge (4. mailakoa), 96,7. kilometroan; Cote Giey sur Aujon (4. mailakoa), 122,4. kilometroan.