Frantziako Tourra
Larunbatean hasiko da
Sepp Kuss 2023ko Espainiako Vueltako irabazlea ez da Frantziako Tourrean izango, covida tarteko
EITB MEDIA
Iazko Tourrean, Kuss hamabigarren postuan sailkatu zen, eta gakoetakoa izan zen Jonas Vingegaard Vismako lankideak garaipena eskuratzeko; orain, Vismaren esanetan, "ez da behar bezala sendatu, covidak jota izanda". Bere taldeak Bart Lemmen deitu du, ordezko gisa.
-
Sepp Kuss, 2023ko Espainiako Vueltan. Argazkia: EFE.
Sepp Kuss 2023ko Espainiako Vueltako irabazleak ezingo du 2024ko Frantziako Tourrean parte hartu, covida tarteko, Visma Lease a Bike taldeak iragarri duenez. Kuss, iazko Tourrean, giltzarria izan zen, Jonas Vingegaardek garaipena eskuratu ahal izan zezan, bereziki mendiko etapetan; orain, baina, "ez da behar bezala sendatu, covidak jota izanda", eta, horrenbestez, larunbatean ez da izango Florentzian, alegia, 111. Frantziako Tourra hasiko den hirian. Vismak Bart Lemmen herbeheretarra deitu du, Kuss ordezkatzeko.
Ekainean, Sepp Kussek Dauphine Kriteriumean parte hartu zuen, baina ez zuen lasterketa amaitu. Dena den, Vismak, joan den astean, Tourrerako hasiera batean iragarritako taldean sartu zuen; azkenean, taldeko kirol zuzendaritzak erabaki du estatubatuarrari atsedena ematea, erabat sendatzea helburu.
Sepp Kuss, 2023an, Espainiako Vuelta irabazteaz gain, denboraldiko beste bi itzuli handiak ere amaitu zituen. Italiako Giroan, hamalaugarren postua lortu zuen, eta Frantziako Tourrean, alde batetik, Vingegaardi laguntza handia eman zion, eta bestetik, hamabigarren tokia eskuratu zuen. Bart Lemmen ordezkoak ez du inoiz parte hartu lasterketa handi batean, baina maiatzean, Norvegiako Tourrean, bigarren postua lortu zuen, eta erakutsi zuen ondo moldatzen dela mendiko etapetan. Hala, Vismak txirrindulari hauek eramango ditu Tourrera: Jonas Vingegaard, Wout Van Aert, Matteo Jorgenson, Christophe Laporte, Tiesj Benoot, Wilco Kelderman, Jan Tratnik eta Bart Lemmen.