Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2024

Ekainak 29, larunbata

2024ko Frantziako Tourraren 1. etaparen profila eta ibilbidea: Florentzia-Rimini (206 km)

EITB MEDIA

111. Frantziako Tourra Italian hasiko da; historian lehen aldiz abiatuko da lasterketa herrialde horretatik. Ibilbideak 206 kilometrokoa da, eta, guztira, txirrindulariek zazpi mendate puntuagarri igo beharko dituzte, horietako hiru bigarren mailakoak.

  • 2024ko Frantziako Tourraren 1. etapako profila. Irudia: letour.fr.

    2024ko Frantziako Tourraren 1. etapako profila. Irudia: letour.fr.

2024ko Frantziako Tourreko lehenengo etapa ekainaren 29an jokatuko dute, Florentzian hasiko da, Riminin amaitu, eta 206 kilometroko ibilbidea izango du. Lasterketako antolatzaileek erabaki dute txirrindulariak 12:00etan abiatzea, eta 17:34tik 18:05era bitartean jakingo dugu zer txirrindularik irabazten duen 111. Frantziako Tourraren aurreneko etapa eta, hortaz, zeinek janzten duen lehenengo maillot horia.

Historian lehen aldiz irtengo da Frantziako Tourra Italiatik, eta aurreneko etapa honetan, guztira, parte-hartzaileek Mendiko Sailkapenerako puntuagarriak diren zazpi mendate igo beharko dituzte; horietako hiru bigarren mailakoak izango dira, eta gainerako laurak laugarren mailakoak. Azkena helmugarako 25 bat kilometro geldituko direnean utziko dute atzean.

2024ko Frantziako Tourreko lehenengo mendatea lasterketako 49,7. kilometroan iritsiko da, 2. mailako Col de Valico Tre Faggi. 3. mailako Cote des Forche eta Cote de Carnaio gainditu beharko dituzte jarraian, eta 135,6. Kilometroan 2. mailako beste igoera bat izango da, Cote de Barbotto. Cote de San Leo, 2. mailakoa bera, jardunaldiko bosgarren igoera da, eta azken zatian beste bi ere badaude: Cote de Mantemaggio, 167,1. kilometroan, eta Cote de San Marino, 179,7.ean. Azken hori 7,1 kilometroko mendatea da, eta, batez beste, % 4,8ko malda du.

Oso interesgarria izango da baieztatzea zein estrategia jarraituko duten txirrindulariek hasierako etapa honetan, eta nola jokatzen duten sailkapen nagusiko lehian izango diren gizonek. Beti izaten da urduria hasiera, eta bizi-bizi joaten da lasterketa, ziklistak indarrez beteta baitaude.

Ikusi zuzenean 2024ko Frantziako Tourreko aurreneko etapa hau, EITBn, eitb.eus-ek 13:50ean hasita eta ETB1ek 15:00etatik aurrera egingo duten emanaldiaren bidez.

ETAPAREN PROFILA

2024ko Frantziako Tourraren 1. etapako profila. Irudia: letour.fr.

2024ko Frantziako Tourraren 1. etapako profila. Irudia: letour.fr.

2. etapako profila

FITXA TEKNIKOA

Etapa: 1. etapa (ekainak 29)

Ibilbidea: Florentzia – Rimini

Distantzia: 206 km

Goranzko desnibel metatua: 3.600 m

Hasiera-ordua: 12:00

Amaiera-ordua: 17:34 (42 km/h) | 17:49 (40 km/h) | 18:05 (38 km/h).

Mendiko saria: Col de Valico Tre Faggi (2. mailakoa), 49,7. kilometroan; Cote des Forche (3. mailakoa), 77,8. kilometroan; Cote de Carnaio (3. mailakoa), 98,3. kilometroan; Cote de Barbotto (2. mailakoa), 135,6. kilometroan; Cote de San Leo (2. mailakoa), 157,3. kilometroan; Cote de Montemaggio (3. mailakoa), 167,1. kilometroan; Cote de San Marino (3. mailakoa), 179,7. kilometroan.