Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

111. edizioa

Asteazkenean aurkeztuko dute 2024ko Frantziako Tourraren ibilbidea

EITB MEDIA

Gizonezkoen lasterketa 111. aldiz egingo dute; ekainaren 29an hasiko da, larunbatez, Florentzian, eta Nizan amaitu, uztailaren 21ean, igandez; historian aurreneko aldiz, ez da Parisen amaituko, Olinpiar Jokoak uztailaren 26an hasiko baitira Frantziako hiriburuan.

  • Irudian, azken Tourrean izandako esprintetako bat. Argazkia: EFE.

    Irudian, azken Tourrean izandako esprintetako bat. Argazkia: EFE.

Asteazkenean aurkeztuko dute 2024ko Frantziako Tourraren ibilbide osoa, bai gizonezkoen lasterketari dagokionez bai eta emakumezkoen lasterketari dagokionez ere. Hain zuzen ere, gizonezkoen proba 111. aldiz jokatuko dute 2024an, Florentzian hasiko da, ekainaren 29an, larunbatez, eta Nizan amaitu, erlojupeko etapa batekin, uztailaren 21ean, igandez; historian lehen aldiz, lasterketa ez da Parisen amaituko, Olinpiar Jokoak Frantziako hiriburuan egingo baitituzte 2024ko uztailaren 26an hasita. Olinpiar Jokoek, beraz, baldintzatu egingo dute Tourra, azken hori ohi baino astebete lehenago hasiko baita, gainera.Emakumezkoen Frantziako Tourra 31. aldiz egingo dute.

Dakiguna da 2024ko Frantziako Tourrak bi aldiz zeharkatuko dituela Alpeak, Pirinioetan eta Erdialdeko Mendigunean ere izango dela eta, azken etapakoa ez ezik, beste erlojupeko bat ere izango duela.

Azken jardunaldiko erlojupeko hori Monakon abiatuko da, eta 35 kilometro izango ditu. Txirrindulariek bi mendate igo beharko dituzte: La Turbie eta Col d'Eze. 1989an egin zuten azkenekoz erlojupeko bat Tourraren azken etapan; orduan, egun historiko batean, Greg Lemond estatubatuarrak azken maillot horia janztea lortu zuen, zortzi segundoko aldea izan zuela, Laurent Fignon frantziarrari kenduta.

Aurreko etapetan, Nizatik gertu, Paris-Niza lasterketan oso ohikoak diren mendate batzuk izango dira, Col de Braus eta Turini kasu; etapa bat Couillolen amaituko da. Aurretik, tropela Alpeetan izango da, bigarren aldiz hurrengo Tourrean; hori bai, kasu horretan, Alpeetako hegoaldean.

Alpeetarako lehenengo bisitan, iparraldetik ibiliko dira ziklistak. Frantziako Tourra, arestian esan bezala, Italian hasiko da, aurrenekoz; herrialde horretan, hiru etapa jokatuko dituzte, osorik. Hain zuzen ere, 2024an ehun urte izango dira italiar txirrindulari batek lehen aldiz Tourra irabazi zuenetik: Ottavio Bottecchia mitikoak erdietsi zuen balentria hura.

Florentzian hasiko da lehenengo etapa, eta Riminin bukatuko da. Bigarrena, berriz, Boloniara iritsiko da. Hirugarrenak, ordea, Turinen izango du helmuga. Frantziara laugarren etapan helduko da Tourra; laugarren jardunaldi hori Turinetik aterako da.

Frantzian sartuta, lasterketa Alpeetan izango da. Mendiko bi etapa izango dira bertan; Valloiren eta Saint-Vulbasen izango dute amaiera horiek, eta Lautaret eta Galibier klasikoak igoko dituzte, filtrazioak baieztatuz gero, Borgoina-Franche-Comtera jaitsi baino lehen. Etapa batzuk jokatuko dituzte eskualde horretan; baliteke zazpigarren etapan erlojupekoa izatea, Gevrey-Nuits-Saint-Georges; hiru egunen buruan, aurreneko atseden eguna egingo dute.

Ziklistak Loirara joango dira, jarraian, Erdialdeko Mendigunera iritsi aurretik. Etapa bat Le Lorianen amaituko da, 2016an ere jazo zenez; Pas de Peyrol, Col de Perthus eta Font de Cere igoko dituzte, halaber.

Hegoalderantz joango da gerora proba, Pirinioetara. Bi etapa menditsu izango dira bertan, eta lasterketa Saint-Laryn eta Plateau de Beille mendateetan jokatuko dute (hurrenez hurren, mendebaldean eta ekialdean daude horiek). Bigarren atseden eguna Narbonan izango da. Proventza-Alpeak-Kosta Urdina eskualdean ibiliko dira ondoren parte-hartzaileak; jarraian, berriro ere izango da Tourra Alpeetan, hegoaldean orduan. Etapa bat Super-Devoluy eski estazioan amaituko da, eta beste bat Barcelonetten, Serres-Ponçon laku ospetsutik gertu.

Arnasa hartzeko tarterik ia izan gabe, tropela Mediterraneora abiatuko da, hori bai, bide menditsutik. Jardunaldi batek Isola 2000n izango du helmuga; 1993tik ez da Frantziako Tourrean igo, eta Tony Rominger suitzarrak eskuratu zuen garaipena orduan. Bi etapa geldituko dira, horretara ezkero, lasterketa amaitzeko, eta Nizatik gertu jokatuko dituzten horiek, erabakigarria izan litekeen azken erlojupekoa egin aurretik.

Horrez gain 2024ko emakumezkoen Frantziako Tourraren ibilbidea ere aurkeztuko dute asteazkenean. Hori abuztuaren 12an hasiko da, astelehenez, eta sei egunen buruan amaitu, abuztuaren 18an, igandez.