Frantziako Tourra
16. ETAPA
Vingegaardek hegan egin du erlojupekoan eta orain ia 2 minutuko aldea du Pogacarrekin sailkapen nagusian
EITB MEDIA
Danimarkarrak erakustaldia eman du 22,4 kilometroko erlojuaren kontrako saioan, asteazkeneko mendiko etapa nagusiaren atarian.
Frantziako Tourra bere azken aste erabakigarrian sartu da, eta astearte honetan jokatu den 22,4 kilometroko erlojupekoa horren lekuko izan da. Orain arte Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) eta Tadej Pogacar (UAE) faborito nagusienen artean 10 segundo baino ez bazeuden sailkapen nagusian, erlojuaren kontrako lanak alde izugarriak zabaldu ditu danimarkarraren alde; izan ere, Vingegaardek 1:38ko tartea atera dio esloveniarrari helmugan, nahiz eta azken horrek etapako bigarren denborarik onena ezarri duen. Horrela, une honetan 1:48ko zuloa dago bien artean.
Iazko Tourreko irabazleak indar handia erakutsi du hasiera-hasieratik Passy eta Combolux arteko ibilbidean, zeinetan % 15eko aldapak zituen bigarren mailako mendatea zegoen (Domancy). Hala, 7. kilometroan kokatuta zegoen lehendabiziko mugarrian, dagoeneko 16 segundo zituen bere alde, eta tartea handitu baino ez da egin kilometroek aurrera egin ahala. Mendatearen behealdean,16. kilometroan, 31 segundora egin du jauzi distantziak, eta igoeran, 1:05eraino.
Esloveniarraren jarduna apaltzen joan da etengabe, eta haren aldarteak ere ez zuen itxura onik. Horren adierazle danimarkarrak azken igoeran ere denbora sartzen jarraitu diola izan da, Pogacarrek bizikleta aldatzea erabaki duen arren, errepideko arrunta hartzeko; Jumbokoak, berriz, erlojupeko osoa egin du proba horretarako bizikleta bereziarekin. Ondorioz, aldaketa horrek ez dio ekarri esperotako emaitzarik Pogacarri, eta atzerapena pilatzen jarraitu du azken metroetara arte, etapa garaipena bereganatu duen Vingegaarden mesedetan.
Pello Bilbaoren lan bikaina
Pello Bilbao gernikarrak (Bahrain Victorious), bere aldetik, laugarren denborarik onena egin du gaurkoan, Tourreko bi izen handien atzetik, eta Wout van Aertek egindako denboratik lau segundo eskasera. Flandiarrak bere taldekideak baino 2:51 gehiago behar izan ditu ibilbidea osatzeko.
Horrela, erlojupekoan egindako erakustaldi apartari esker, Bilbaok asko murriztu ditu bere aurretik zituen aurkariekiko desabantaila. Hartara, orain 10 segundora du Sepp Kuss (Jumbo) estatubatuarrak betetzen duen seigarren postua. Sailkapeneko bosgarren postuan, aldiz, Jai Hindley (BORA) dago, Gernikakoari ia bi minutuko abantaila aterata.
Yatesek Carlos Rodriguez gainditu du sailkapen nagusian
Lasterketako beste interesgunea hirugarren posturako lehian zegoen, Adam Yatesen eta Carlos Rodriguezen arteko norgehiagokan, alegia. Andaluziarra 19 segundoko errentarekin abiatu da, eta lehen 7 kilometroetan 1 besterik ez du galdu. Mendatearen behealdera, ordea, 11 segundoko galerarekin bertaratu da, eta, azkenerako 24 segundo galdu ditu helmugan. Beraz, Yates, Pogacarren taldekidea, sailkapeneko hirugarren postuan ageri da orain; alabaina, Vingegaardengandik oso urruti (8:52ra). Rodriguezek, haatik, 5 segundo berreskuratu behar ditu podiumera itzultzeko.
Tropelak Alpeetan jarraituko du asteazken honetan, etapa menditsu batekin. Izan ere, besteak beste, Loze mendatea, ekitaldi honetako garaiena eta Frantziako gogorrenetakoa, izango dute zain txirrindulariek azken kilometroetan.
Etapako sailkapena
1 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) 0:32:36
2 - POGACAR Tadej (UAE) +1:38
3 - VAN AERT Wout (Jumbo) +2:51
4 - BILBAO Pello (Bahrain) +2:55
5 - YATES Simon (Jayco) +2:58
6 - CAVAGNA Rémi (Soudal) +3:06
7 - YATES Adam (UAE) +3:12
8 - SKJELMOSE Mattias (Lidl) +3:21
9 - PEDERSEN Mads (Lidl) +3:31
10 - GAUDU David (Groupama) d.b.
11 - CASTROVIEJO Jonathan (INEOS) +3:36
Sailkapen nagusia
1 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) 63:06:53
2 - POGACAR Tadej (UAE) +1:48
3 - YATES Adam (UAE) +8:52
4 - RODRÍGUEZ Carlos (INEOS) +8:57
5 - HINDLEY Jai (BORA) +11:15
6 - KUSS Sepp (Jumbo) +12:56
7 - BILBAO Pello (Bahrain) +13:06
8 - YATES Simon (Jayco) +13:46
9 - GAUDU David (Groupama) +17:38
10 - GALL Felix (AG2R) +18:19
14 - LANDA Mikel (Bahrain) +28:18
16 - CASTROVIEJO Jonathan (INEOS) +37:57