Frantziako Tourra
Asteazkena, uztailak 19
Frantziako Tourraren 17. etaparen profila eta ibilbidea: Saint-Gervais Mont-Blanc-Courchevel (165,7 km)
EITB MEDIA
Sailkapen nagusiko onenentzako etapa da; izan ere, 1. mailako bi mendate igo beharko dituzte, 2. mailako bat, eta azkena, Col de la Loze, maila berezikoa. Vingegaardek atzo lortutako garaipenak lana zaildu dio Pogacarri, lehen postura hurbiltzeko emaitza historikoa lortu beharko bailuke gaur.
-
2023ko Frantziako Tourreko 17. etaparen profila. Argazkia: letour.fr
Gaur, uztailak 19, asteazkena, 2023ko Frantziako Tourraren 17. etapa jokatuko dute, eta etapa horrek eragin handia izan lezake lasterketan, ibilbide oso zaila baitu, gogortasun handiko hainbat mendaterekin. Vingegaardek atzo lortutako garaipenak lana zaildu dio Pogacarri, lehen postura hurbiltzeko emaitza historikoa lortu beharko bailuke gaur. Horrez gain, hirugarren sailkatua izateko borrokan murgilduta daude Adam Yates eta Carlos Rodriguez, bost segundoko aldearekin.
Eguna Saint-Gervais Mont-Blancen hasiko da eta Courchevelen amaitu, 165,7 kilometro eginda, eta txirrindulariek lau mendate puntuagarriri egin beharko diete aurre; horietako bi 1. mailakoak dira, beste bat 2. mailakoa, eta azkena, Col de la Loze, maila berezikoa.
Tourreko onenentzako eguna izango da, arnasa hartzeko tarterik ere ez da izango ia. Izan ere, 28. kilometroan dago 1. mailako aurreneko mendatea, Col des Saisies: 13,4 kilometroko igoera, % 5,1eko batez besteko maldekin. Hura jaitsi ostean, ia 20 kilometroko igoera gainditu beharko dute 1. mailako Cormet de Roselend gainera iritsi arte. Gerora, Cote de Longefoy mendateak ere ahalegina eskatuko die ziklistei, 2. mailakoa bada ere, Col de Leze handiari ekin aurretik.
Azken mendate hori, maila berezikoa bera, 28 kilometroko igoera da, oso luzea, eta batez beste % 6ko malda dauka. Txirrindulariek Tourreko egun asko daramatzate hanketan, eta nekea nabarituko dute, ziur aski; nahi eta ahal duenak aukera bikaina du aurrerapauso handia emateko, Pariseko podiumean goi-goian izateko bidean.
Etapa zuzenean emango da EITBn: 13:45ean hasiko da eitb.eus-en eta ETB4n, eta 15:15etik aurrera hasiko da, bestalde, ETB1eko emanaldia.
16. etaparen profila | 18. etaparen profila
------------------------------------------
FITXA TEKNIKOA:
Etapa: 17. etapa (uztailak 19, asteazkena)
Ibilbidea: Saint-Gervais Mont-Blanc - Couchevel
Distantzia: 166 km
Irteera ordua: 12:30
Iritsiera ordua: 17:03 (36 km/h) | 17:22 (34 km/h) | 17:45 (32 km/h).
Mendiko saria: Col des Saisies (1. maila), 28,4. kilometroan; Cormet de Roselend (1. maila), 66,7. kilometroan; Cote de Longefoy (2. maila), 105,7. kilometroan; Col de la Loze (Maila berezia), 159,1. kilometroan.