Frantziako Tourra
Tourreko bere bigarren etapa
Jon Izagirrek Tourreko 12. etapa bereganatu du bakarka ihes eginda
EITB Media
Ormaiztegiko txirrindulariak lortzen duen Tourreko bigarren etapa da, 2016an irabazi zuenaren ondoren. Garaipen bikaina erdietsi du; maila handiko ihesaldi batean sartu da, eta, oraindik 30 kilometro geratzen zirela, aurrera jo du, eraso ederra eginez.
Cofidis taldeko Jon Izagirre gipuzkoarrak irabazi du 2023ko Frantziako Tourreko 12. etapa, 168,8 kilometroko ibilbidearekin Roanne eta Belleville-en-Beaujolais artean. Helmugarako 30 kilometro falta zirenean, Ormaiztegikoa bakarrik joan da, taldea atzean utzita eta jarraitzaileekiko minutu bateko abantaila mantenduz. Tourrean irabazi duen bere bigarren etapa da, 2016an irabazi zuenaren ondoren.
Jon Izagirrek, honela, bigarren etapa garaipena eman dio Euskal Herriko txirrindularitzari aurtengo Tourrean; Pello Bilbaok erdietsi zuen lehenengoa, asteartean. Historian, euskal txirrindulari batek irabazten duen 56. etapa da; hain juxtu, ostegunean bete dira 20 urte Iban Mayok, 2003an, beste etapa bat irabazi zuenetik. Duela egun batzuk Euskal Herrian hasi zen Tourrean, gure txirrindularitzak gutxienez bi etapa garaipen bereganatu du, 2009tik lehen aldiz; orduan, Mikel Astarlozak eta Juanma Garatek egin zuten balentria hori.
Bederatzi etapa jokatu behar dituzte, oraindik, eta tartea dago balantze ikaragarri hori hobetzeko. Mikel Landak, Omar Frailek, Jonathan Castroviejok, Alex Aranburuk eta Gorka Izagirrek ere erakutsi dute ondo dabiltzala, eta garaipen gehiago ospatzeko aukera izan genezake.
Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) Tourreko maillot horiari eutsi dio, eta ez da aldaketa aipagarririk izan sailkapen nagusian; hori bai, Groupama-FDJ taldeko Thibaut Pinot lehen hamarren artean sartu da. Jardunaldiak ez du, hortaz, eragin handirik izan sailkapen nagusian, baina etapa oso interesgarria izan da, kontrolik eza nagusitu da horretan tarte handietan eta lehia estua eta bizia izan da. Ostiraleko etapa handienetakoa da, Grand Colombierrerako igoera duela, baina parte-hartzaileek ahalegin erraldoia egin dute bezperan, eta lasterketa zirraragarria eskaini dute.
Historikoa izan den beste egun batean jazo da hori guztia. Jon Izagirrek eskuratu du garaipena; ormaiztegiarrak, 34 urtekoa bera, palmares harrigarria du. Tourrean bi etapa ditu irabazita (2016an eta 2023an), eta bana Italiako Giroan eta Espainiako Vueltan (2012an eta 2020an); horrez gain, 2019ko Euskal Herriko Itzulia ere lortu zuen, besteak beste. Hamar urtetik gora daramatza onenen artean, eta inoiz ez du hutsik egiten. Aurtengo Tourrean, hainbat aldiz ikusi dugu aurrean, ihesaldi onaren bila, eta, azkenean, ostegunean lortu du helburu hori; aurkari biziki gogorrak zituen ihesaldi horretan, baina bera izan da indartsuena, eta oraindik 30 kilometro geratzen zirela egin du eraso erabakigarria.
Lehia handia, hasieratik
Arestian esan bezala, etapan lehia handia izan da, erritmo bizia; hainbat kilometrotan, ez da inolako kontrolik izan, eta, hori dela eta, ikusgarria izan da. Etengabeko erasoak izan dira, baina denbora luzea joan da ihesaldia osatu aurretik; abiadura handia zeraman tropelak, eta txirrindulariak behin eta berriz ahalegindu dira lasterketa hausten.
70 kilometro jokatuta, talde handi bat zegoen buruan; sailkapen nagusiko lehenengo bederatziak bertan zihoazen. Tropel horrek hiru minututik gorako aldea zuen beste tropel batekiko; horretan, besteak beste, Jumbo-Vismako Sepp Kuss zihoan, alegia, sailkapen nagusiko hamargarrena, bai eta Louis Meintjes, Emanuel Buchmann edo Mikel Landa ere, sailkapen nagusiko aurreneko hamabostak kontuan izanik. Puntu horretan, azkenean, zenbait gizonek hautsi egin dute oreka, eta lasterketa buruan geratu dira; maila handiko taldea zen, eta bertan zeuden Jon Izagirre, Mads Pedersen, Mathieu van der Poel, Andrey Amador, Thibaut Pinot, Matteo Jorgenson edo Julian Alaphilippe, adibidez. Bazirudien etapa garaipena bertan egon zitekeela.
Buruan zeuden ziklisten lana fina izan da. Sailkapen nagusiko onenek ez dute gerturatzeko aukerarik izan; are gehiago, atzetik zihoazen gizonek, Kussek, Landak edo Buchmannek kasu, maillot horia zihoan taldea harrapatu dute, eta ez dute denborarik galdu, hala. Van der Poelek, ikusgarri beste behin, kilometro batzuk eman ditu aurreneko postuan, eta gerora Jorgenson eta Pinot haren parean jarri dira; 2. mailako Croix Rosier mendatean, baina, aurkariek hirukotea harrapatu dute.
30 kilometro aurretik zituztela, Jon Izagirreren erasoa
Eskarmentuak ekarpen handia egin diezaieke eliteko kirolariei, baldin eta ondo baliatzen badakite; Jon Izagirrek gaitasun hori dauka. Cofidiseko txirrindulariak asmatu egin du: 30 kilometro baino apur bat gehiago geratzen zirela, aurkariak estu zebiltzan Croix Rosierren, Van der Poelek ere zailtasunak zituen, eta, hori gutxi balitz bezala, Guillaume Martin taldekidea ere lan bikaina ari zitzaion egiten. Orduan jo du erasoa Jonek, indartsu, ausart. Segituan egin du tartea, eta haren aldeko aldea berehalakoan kokatu da minutu erdiaren inguruan. Etapako azken tartea ona izan zitekeen aldeari eusteko; Ormaiztegiko ziklistak jaitsiera zuen aurretik, eta trebea da horrelakoetan. Aurretik 15 kilometro zeudela, garaipena lortzeko itxaropenak gero eta handiagoak ziren, kontuan izanik 45 segundoko aldea zuela Cofidiseko gipuzkoarrak.
Euskal zaleek, horrenbestez, aukera izan dute Jonen garaipenaren ospakizuna behar bezala prestatu ahal izateko. Ez die aurkariei inolako aukerarik eman, eta besoak gora amaitu ahal izan du etapa, Belleville-en-Beaujolaisen. Argazki historikoa, beste bat, ezinbestekoa den txirrindulari batentzat; bizikletatik jaitsi aurretik ere zegoen ia-ia hunkituta irabazlea.
Etapako sailkapena
1 - IZAGIRRE Jon (Cofidis) 3:51:42
2 - BURGAUDEAU Mathieu (TotalEnergies) +0:58
3 - JORGENSON Matteo (Movistar) d. b.
4 - BENOOT Tiesj (Jumbo) +1:06
5 - JOHANNESSEN Tobias Halland (Uno-X) +1:11
6 - PINOT Thibaut (Groupama) +1:13
7 - MARTIN Guillaume (Cofidis) d. b.
8 - TEUNS Dylan (Israel) +1:27
9 - GUERREIRO Ruben (Movistar) d. b.
10 - CAMPENAERTS Victor (Lotto) +3:02
Sailkapen nagusia
1 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) 50:30:23
2 - POGACAR Tadej (UAE) + 0:17
3 - HINDLEY Jai (BORA) + 2:40
4 - RODRÍGUEZ Carlos (INEOS) + 4:22
5 - BILBAO Pello (Bahrain) + 4:34
6 - YATES Adam (UAE) + 4:39
7 - YATES Simon (Jayco) + 4:44
8 - PIDCOCK Thomas (INEOS) + 5:26
9 - GAUDU David (FDJ) + 6:01
10 - PINOT Thibaut (FDJ) + 6:33
16 - LANDA Mikel (Bahrain) + 9:09