Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

2. etapa

Victor Lafayk irabazi du Donostian, Van Aerten eta Pogacarren aurretik

EITB MEDIA

Adam Yatesek sailkapen nagusiko lehen postuari eutsi dio, Gasteizen hasi den 208,9 kilometroko jardunaldian. Pello Bilbaok bosgarren egin du.

1:36
Victor Lafay

Victor Lafay Cofidis taldeko txirrindulari frantziarrak irabazi du, igandean, 2023ko Frantziako Tourraren bigarren etapa, Donostian, eta UAE Emirates taldeko Adam Yates ziklista britainiarrak sailkapen nagusiko lehen postuan jarraitzen du, eta, horrenbestez, Gasteizeko irteeran soinean zeraman maillot horiari eutsi dio. Lafayk, azken kilometroan, erasoa jo du, eta lasterketako indartsuenak ustekabean hartu ditu; 25 bat gizon zihoazen talde nagusian, baina, azkenean, haien arteko esprinta bigarren postua erabakitzeko izan da, Lafay aurretik sartu baita. Jumbo-Vismako Wout van Aertek egin du bigarren, eta Pello Bilbao (Bahrain-Victorious) bosgarren tokian sartu da; Mikel Landa (Bahrain-Victorious), onenen parean beste behin, sailkapen nagusiko hamargarren postuan jarri da. 

Lafayk, Donostian, berretsi egin du aurreko egunean Pikebideko igoeran erakutsitako maila bikaina. Igoera gogor horretan, Jonas Vingegaardekin (Jumbo-Visma) eta Tadej Pogacarrekin (UAE) izan zen, lasterketa buruan; gerora, Bilboko helmugan, seigarren postua lortu zuen. Orain, Gipuzkoako hiriburuan, aurreko taldean iritsi da azken kilometrora, eta ausardia izan du aurrera egiteko; bere kirol bizitzako garaipenik garrantzitsuena eskuratu du, horrela.

Etapan, bestalde, berriro ere, Euskal Herriko zaleek erakustaldia eman dute. Lasterketako metro guztietan babestu ditu jendeak txirrindulariak, eta ziklisten eskainitako ikuskizuna modurik onenean osatu da, hala. Ahaztezina izan da Gasteizen bizitakoa, irteeran, milaka lagun kalean izan direla, bai eta eguneko tarte erabakigarrienetan ikusitakoa ere: Jaizkibelen, esaterako, giro ikaragarria izan da.

Powless, mendiko maillota sendotu nahirik

Eguneko ihesaldia lehen kilometroetan sortu da, eta hiru gizon sartu dira bertan: Remi Cavagna Soudal Quick-Step taldeko frantziarra, EF Educationeko Neilson Powless estatubatuarra, eta TotalEnergies taldeko Edvald Boasson Hagen norvegiarra. Ihesaldiak maila handia zuen, hiru txirrindulariak nortzuk ziren ikusita; Powless iritsi da urrutien, ezin izan baitute Jaizkibelen ibili aurretik harrapatu.

Ahaleginak, baina, berri onak ekarri dizkio estatubatuarrari; izan ere, soinean zuen mendiko sailkapeneko maillota sendotu du, sei puntu lortu baititu bigarren etapa honetan. Udanan, Aztirian, Alkizan eta Gurutzen aurreneko postua lortu du Powlessek; gainera, mendiko maillotari egun gehiagotan eusteko moduan dago, kontuan izanik ondorengo bi etapetan aurreneko bietan baino mendate puntuagarri gutxiago izango direla.

Tropelean, horrela, nolabaiteko lasaitasuna izan da, Jaizkibelera heldu arte; mendate horretan, baina, Vingegaarden Jumbo-Visma taldeak, hasiera batean, Simon Yatesen Jaycok, gerora, eta Pogacarren UAEk, azkenean, erritmo bizia jarri dute. Hainbat eta hainbat ziklista geratu dira atzean, Julian Alaphilippe kasu; Soudal taldeko frantziarrak bi minutu eta 25 segundo galdu ditu helmugan. Pogacar izan da aurreneko postuan gainean, Vingegaard aldamenean izan duela; biek ala biek aurretik ekin diote jaitsierari, baina aurkariek azkar harrapatu dituzte, eta, orduan, bazirudien lehia estua izango zela eguneko azken kilometroetan.

Pello Bilbaok, jaitsiera horretan, aurrera jo du, garaipenaren bila. Gernikarrak, baina, ezin izan ditu aurkariak atzean utzi, eta Donostiako sarreran harrapatu dute. Indartsuenen arteko esprinta prestatzen ari zela, Lafayk egin du erasoa, eta, horri esker, nahi zuen emaitza lortu du, azkenean.

Etapako sailkapena

1. LAFAY Victor (Cofidis) 4:46:39

2. VAN AERT Wout (Jumbo) d. b.

3. POGACAR Tadej (UAE) d. b.

4. PIDCOCK Thomas (INEOS) d. b.

5. BILBAO Pello (Bahrain) d. b.

6. SKJELMOSE Mattias (Trek) d. b.

7. WOODS Michael (Israel) d. b.

8. BARDET Romain (DSM) d. b.

9. TEUNS Dylan (Israel) d. b.

10. HINDLEY Jai (BORA) d. b.

Sailkapen nagusia

1. YATES Adam (UAE) 9:09:18

2. POGACAR Tadej (UAE) +0:06

3. YATES Simon (Jayco) d. b.

4. LAFAY Victor (Cofidis) +0:12

5. VAN AERT Wout (Jumbo) +0:16

6. VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +0:17

7. WOODS Michael (Israel) +0:22

8. SKJELMOSE Mattias (Trek) d. b.

9. HINDLEY Jai (BORA) d. b.

10. LANDA Mikel (Bahrain) d. b.