Frantziako Tourra
FRANTZIAKO TOURRA
Tourmaleteko helmuga eta erlojupekoa, emakumezkoen 2023ko Tourreko gakoak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bigarren edizio honetan garrantzi handia izango du azken etapan jokatuko den 22 kilometroko erlojupekoak.
-
2022ko emakumezkoen Frantziako Tourreko podiuma. Argazkia: EFE
Emakumezkoen Frantziako Tourrak iaz bere lehen edizioan izan zuen arrakastaren fruituak biltzen jarraitu nahi du, eta 2023an berritasunen aldeko apustua egin du, erlojupeko bat sartuta, eta ondo funtzionatu zuenari eutsita, hau da, azken igoera batekin amaituz.
Iaz La Planche des Belles Fillesen bukatu bazen, 2023an Tourmaletek hartuko du protagonismoa (azken-aurreko etaparen amaiera izango da), ostegun honetan Parisen aurkeztutako ibilbidearen arabera.
"Iazko parte-hartzaileek esaten ziguten ibilbidea aldatu nahi zutela, Frantziako Tourreko irabazleak arlo guztietan ona dela erakutsi behar zuela", azaldu du probako zuzendariak, Marion Rousse txirrindulari ohiak, erlojupekoa sartu izana justifikatzeko.
Emakumezkoen Tourra gizonezkoen proba amaituko den egunean bertan hasiko da, baina oraingoan ez da Parisen egingo, baizik eta Clermont-Ferranden, Auverniaren bihotzean, eta profil malkartsua izango du, hasieratik sailkapen nagusian lehen aldeak ezarriko dituena.
Bigarren eguneko ibilbidea ere gorabeheratsua izango da, hegoaldera bidean, sailkapen nagusirako lehian daudenen arteko borrokarekin, hirugarren jardunaldian esprinterrek protagonismoa hartu baino lehen.
Laugarrena, eskalatzaileen kontua izango da berriro: Rodezen izango du amaiera eta 2.400eko desnibela. Bosgarren eta seigarren jardunaldiak txirrindulari azkarrenentzako aproposak izango dira, Albi eta Blagnac hirietako helmugetan.
Indarrak gordetzeko unea izango da, Tourmaleteko igoerari (17 kilometro eta % 7,3ko batezbesteko maldak) aurre egiteko. Etapa horrek 90 kilometro izango ditu, Aspin mendatea ere igo beharko dute eta 2.600 metroko desnibel positiboa izango dute zain.
2022ko ekitaldian, mendate handiek erabaki bazuten lasterketako irabazlea, La Planche des Belles Filleseko igoerarekin, non Annemiek van Vleuten herbeheretarra nagusitu zen, 2023koan erlojupekoak izango du azken hitza.
Hogeita bi kilometroko proba izango da Paue inguruan, 2019ko Tourrean gizonezkoek bete zutenaren alderantzizko noranzkoan. Ibilbidearen erdian igoeratxo batekin egingo dute topo (1,8 kilometro eta % 5eko batez besteko maldak).
EMAKUMEZKOEN TOURRAREN ETAPAK 2023:
1. etapa (uztailak 23): Clermont Ferrand – Clermont Ferrand (124,2 km
2. etapa (uztailak 24): Clermont – Ferrand Mauriac (148,3 km)
3. etapa (uztailak 25): Collonges-La-Rouge – Montignac-Lascaux (147,4 km)
4. etapa (uztailak 26): Cahors – Rodez (177,5 km)
5. etapa (uztailak 27): Onet-Le-Château – Albi (126,6 km)
6. etapa (maiatzak 28): Albi – Blagnac (122,7 km)
7. etapa (uztailak 29): Lannemezan – Tourmalet (90,8 km)
8. etapa (uztailak 30): Paue – Paue (erlojupekoa) (22 km)