Frantziako Tourra
11. ETAPA
Vingegaardek bereganatu du garaipena Granon mendatean, eta lidergoa kendu dio Pogacarri
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Orain arteko liderrak amore eman behar izan du etapa amaitzeko 5 kilometroren faltan daniar gazteak jo duen eraso kolpearen aurrean.
-
Jonas Vingegaard 11. etapan lortutako garaipena ospatzen.
Jonas Vingegaard danimarkarrak kolpe handia eman du Frantziako Tourrean, maila bereziko Granon mendatean garaipena lortuta. Horri esker, Tadej Pogacar esloveniarrari maillot horia kendu dio.
Iazko txapeldunordeak azken bi urteetako irabazleari eraso egin dio helmugatik 5 kilometro baino gutxiagora, eta esloveniarrak azken bi urteetan erakutsi ez dituen ahuleziak agerian utzi ditu.
Jumbo taldea etapa hasieratik bertatik saiatu da liderrari gauzak zail jartzen, eta jardunaldia bukatzear zela lortu du bere xedea. Batetik, Vingegaardek Tourrean lortzen duen lehen garaipena eskuratu du, bigarren izan den Nairo Quintana (Arkea) kolonbiarraren aurretik, eta, bestetik, are garrantzitsuagoa dena, sailkapen nagusiaren buru jarri da.
Pogacar danimarkarrarengandik 2:51ra helmugaratu da, guztiz leher eginda, eta orain sailkapen nagusiko hirugarrena da, 2:22ra, Romain Bardet frantziarraren atzetik. Azken hori hirugarren izan da helmugan, 1:10era eta sei segundo ateratzen dizkio orain esloveniarrari sailkapenean.
Laugarren tokian Geraint Thomas britainiarra ageri da. 2018ko Tourreko irabazleak 2:26ko atzerapena dauka. Quintana bosgarren jarri da (2:37ra), Adam Yates britainiarraren aurretik (3:06ra).
Ostegun honetan helduko da aurtengo Tourreko etapa nagusia, Briançon eta Alpe D'Huez artean (165,1 km) jokatuko den hamabigarrena, hain zuzen ere. Ibilbidean zehar maila bereziko hiru mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek: Galibier (23 kilometro eta % 5,1eko batez besteko maldak) eta Col de la Croix de Fer (29 kilometro eta % 5,2ko batez besteko maldak) eta Alpe d'Huez (13,8 kilometro eta % 8,1eko batez besteko maldak).
11. ETAPAREN SAILKAPENA:
1 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) 4:18:02
2 - QUINTANA Nairo (Arkéa) +0:59
3 - BARDET Romain (DSM) +1:10
4 - THOMAS Geraint (INEOS) +1:38
5 - GAUDU David (Groupama) +2:04
6 - YATES Adam (INEOS) +2:10
7 - POGACAR Tadej (UAE) +2:51
8 - LUTSENKO Alexey (Astana) +3:38
9 - KRUIJSWIJK Steven (Jumbo) +3:59
10 - BARGUIL Warren (Arkéa) +4:16
SAILKAPEN NAGUSIA:
1 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) 41:29:59
2 - BARDET Romain (DSM) +2:16
3 - POGACAR Tadej (UAE) +2:22
4 - THOMAS Geraint (INEOS) +2:26
5 - QUINTANA Nairo (Arkéa) +2:37
6 - YATES Adam (INEOS) +3:06
7 - GAUDU David (Groupama) +3:13
8 - VLASOV Aleksandr (BORA) +7:23
9 - LUTSENKO Alexey (Astana) +8:07
10 - MAS Enric (Movistar) +9:29