Frantziako Tourra
PROTESTA
Tourreko etapa 12 minutuz neutralizatu dute protesta baten eraginez
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Antolatzaileek lasterketa gelditzea erabaki dute, klima-aldaketaren aurkako protesta batek errepidea hartu duelako.
-
Alberto Bettiolek manifestariekin topo egin duen unea. Argazkia: EFE
Frantziako Tourreko hamargarren etapa hamabi minutuz neutralizatu dute antolatzaileek astearte honetan, helmugara iristeko 38 kilometro falta zirela, errepidea moztu duen protesta baten ondorioz.
Txirrindulariek euren jarduna gelditu behar izan dute, antolakuntzak hala aginduta. Izan ere, lasterketa buruan ihes eginda zihoan Alberto Bettiol (EF) italiarrak zazpi bat pertsonaz osatutako protesta batekin egin du topo, eta haiek saihestu behar izan ditu, eta gauza bera gertatu zaie txirrindulari italiarraren atzetik zihoazen lehiakideei ere.
Manifestariak, klima-aldaketaren aurkako protestan zebiltzanak, errepide gainean zeuden eserita, eta zenbait bengala piztu dituzte ke-laino arrosa bat eraginez.
Bettiolen jazarpenean zebiltzan txirrindulariak manifestazioarekin topo egiten duten unea. Argazkia: EFE
Une horretan, Bettiolek 20 segundoko aldea zuen eguneko ihesaldia osatzen zuten gainerako 24 txirrindulariekiko, eta haiek ia 7 minutu eta erdiko tartea ateratzen zioten tropelari.
Behin Frantziako Jendarmeriak manifestariak errepidetik aterata, antolatzaileek etapa berriro abiatu dute lasterketa eten den unean zeuden denborak errespetatuz.
Lehen aldia da Tourrak etapa bat neutralizatu behar izan duela 2019tik. Urte hartan Tigneserako bidean, 19. etapan, uholde batek errepidea hartu zuen.
Hainbat manifestariek errepidea moztu dute Tourreko 10. etapan. Argazkia: EFE
Frantziako Polizia protestako kideak errepidetik ateratzen. Argazkia: EFE
Jendarme bat manifestarietako bat errepidetik arrastaka ateratzen. Argazkia: EFE
Tropelaren zati bat geldituta protestaren ondorioz. Argazkia: EFE