Frantziako Tourra
6. etapa
Teunsek irabazi du mendiko lehen etapa; Ciccone da lider berria
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mikel Landak eraso egin du helmugarako hiru kilometroren faltan, baina azkenerako faboritoen tropelak harrapatu egin du.
Dylan Teuns (Bahrain Merida) belgikarrak bereganatu du ostegun honetan jokatu den Frantziako Tourreko 6. etapa, Mulhouse eta La Planche des Belles Filles artean korritu dena (160,5 km), aurtengo edizioko lehen jardunaldi menditsua, hain zuzen ere.
Berarekin batera ihes eginda ibili den Giulio Ciccone (Trek - Segafredo) italiarrak liderraren elastiko horia jantzi du, Julien Alaphilipperen (Deceuninck - Quick Step) kaltetan. Sei segundoko aldea besterik ez dago bien artean sailkapen nagusian orain.
Teuns, Ciccone beste 12 iheskidek osatu dute eguneko ihesaldia, baina azken igoera gogorrera (asfaltorik gabeko % 24ko pendizak zituen) lau txirrindularik besterik ez diote ekin abantailarekin: aipatutako biek eta Xandro Meurisse (Wanty-Groupe Gobert) frantziarrak eta mendiko liderra den Tim Wellens (Lotto Soudal) belgikarrak.
Faboritoen artean, ez da erasoaldi handirik egon, baina ikusi ahal izan den bakanetako Mikel Landa (Movistar) arabarrak protagonizatu du. Murgiarrak helmugara iristeko 3 kilometroren faltan jo du aurrera, eta, hasiera batean, faboritoen taldearekiko 20 segundo inguruko tartea zabaltzea lortu badu ere, Groupama taldea tiraka hasi da atzetik Thibaut Pinoten aukeren mesedetan, eta harrapatu egin dute.
Gerora, gaur arte liderra zen Alaphilippek salto egin du azken metroetan, elastiko horiari eusteko asmoz, baina haren ahaleginak ere ez du saririk izan.
Izan ere, atzetik heldu den Geraint Thomasek (Team Ineos) bere parera heldu eta gainditu egin du helmugako marran. Galestarrak, gainera, segundo gutxi batzuetako altxorra eskuratu du bere alde gainerako faboritoekiko. Besteak beste, 2 segundo atera dizkio Thibaut Pinot (Groupama-FDJ) frantziarrari; 7, Nairo Quintana (Movistar) kolonbiarrari eta Emanuel Buchmann (BORA) alemaniarrari; 9, Jakob Fuglsang (Astana) daniarrari, Mikel Landari, Richie Porte (Trek-Segafredo) australiarrari eta Egan Bernal (Ineos) taldekideari.
Horrenbestez, Thomas bosgarren dago une honetan sailkapenean, liderrarengandik 49 segundora
Ostiral honetan, Tourrak atseden txiki bat emango die lehiakideei, zazpigarren etapa laua izango baita, nahiz eta aurtengo luzeena izango den (230 km). Hasierako zatian dauden hiru mendatetxo izango dira eguneko zailtasun bakarrak, hortik aurrera ibilbidea asko leunduko baita.
Dylan Teuns, etapako garailea. Argazkia: ETBren bideo batetik ateratako irudia.
Giulio Ciccone, lasterketako lider berria. Argazkia: ETBren bideo batetik ateratako irudia.