Frantziako Tourra
2022an edo 2023an
Euskadi eta Iparralde lanean ari dira Frantziako Tourraren irteera hartzeko
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, antolakuntzarekin hitz egingo dute 2022an edo 2023an Tourraren hasierako etapa hartzeko.
-
Frantziako Tourraren etapa bateko artxiboko irudia. Argazkia: EiTB
Euskadiko eta Iparraldeko erakundeak lanean ari dira 2022an edo 2023an Frantziako Tourreko hasierako etapa hartzeko, Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetan jakinarazi duenez.
Gasteizen egin du iragarpena Urkulluk, Jean-Rene Etchegaray Iparraldeko Mankomunitateko presidentearekin batera. Helburua da Euskadiren eta Iparralderen arteko lankidetza indartzea.
"Interesa daukagu Tourreko hasierako etapa hartzeko. Ea posible den 2022rako edo 2023rako", adierazi du lehendakariak. "Frantziako Tourreko antolakuntzarekin hitz egingo dugu, 2022an hasierako etapa hartzeko. Posible bada, partekatutako etapa antolatu nahi dugu", gaineratu du Iñigo Urkulluk.
Urkullu lehendakariak azpimarratu du, urtarrilaren 1ean Iparraldeko Mankomunitatea sortu zenetik, "elkarlanerako fase berri bat" ireki dela.