Frantziako Tourra
Gaur goizean
Tourrak gaur aurkeztuko du 2019ko ibilbidea
Agentziak | Erredakzioa
Bruselan hasiko da, uztailaren 6an, eta Vosge mendietara egingo omen du gero, Pirinioetara, jarraian, eta Alpeetara, ondoren.
-
El Tour a su paso por los Pirineos
Duela 100 urte jantzi zuten lehenengo elastiko horia Frantziako Tourrean, eta 50 urte igaro dira jada Eddy Merckx handiak lehen garaipena eskuratu zuenetik.
Hori esanda, gaur emango dute Tourreko antolatzaileek hurrengo edizioko ibilbidearen berri, Parisen. Dirudienez, uztailaren 6an hasiko da, Bruselan, eta erlojuaren kontrako bi etapa egongo omen dira.
Bruselako lehen etapak 192 kilometroko ibilbidea izango du, eta "Grammongo horma" (Muur Kapelmuur), Bosberg eta Woluwe-Saint-Pierre igaro ostean, Belgikako hiriburura bueltatu aurretik. Beraz, lehen liderra esprinter bat izatea espero da.
Hurrengo egunean, erlojuaren kontrako etapa jokatuko da, 28 kilometrokoa, Bruselako Errege Jauregiaren eta Atomium eraikin ezagunaren artean.
Zurrumurruen arabera, Tourrak Vosge mendietara egingo du ondoren, Champagne-Ardenne eskualdea zeharkatuta. Etapa bat Planche des Belles Filles mitikoan bukatuko da, baina beste toki batean izango du helmuga, batez beste % 20ko maldak dituen bukaera batean, hain zuzen ere.
Albi Okzitaniako udalerrian atseden-egunaz disfrutatu ondoren, Pirinioak izango dira protagonista. Aurten, besteak beste, Tourmalet igoko dute, etapa baten amaiera hartuko baitu mendi mitikoak, eta, hurrengo egunean, erlojuaren kontrako beste etapa bat izango da, Paueko kaleetan zehar.
Bigarren atseden eguna Niza hirian izango da, Alpeetara heldu baino lehen. Etapetako bat Tignes udalerriko eski-estazioan amaituko da, 2007ko Tourrean bezala; Michael Rasmussen daniarrak elastiko horia jantzi zuen bertan.
Urtero legez, Parisen amaituko da Tourra, Eliseoko Zelaietan, txapeldunari merezitako omenaldia emateko.