Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

17. etapa

Quintana garaile Portet gainean; Thomasek lidergoa sendotu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Movistar taldeko txirrindulari kolonbiarrak azken igoeran egin du ihes. Bere aldetik, Geraint Thomas liderrak aurkariekiko zeukan aldea zabaldu du.

Nairo Quintana kolonbiarrak (Movistar) irabazi du Frantziako Tourreko 17. etapa Bagneres-De-Luchon eta Col du Portet mendatearen artean lehiatu dutena (65 km). Sailkapen nagusian, Geraint Thomas galestarrak (Sky) sendotu egin du lehen postua.

Gaurkoa Quintanak Tourrean lortzen duen bigarren garaipean izan da; izan ere, 2013an beste etapa bat irabazi zuen. Urte hartan bigarren amaitu zuen azken sailkapenean.

Movistarreko kideak bakarka egin du azken igoeraren (Portet mendate ezezaguna) zatirik handiena. Bere atzetik sartu da Dan Martin irlandarra (UAE Emirates) 28 segundora. Liderra den Geraint Thomasek hirugarren postua lortu du helmugan, azken txanpan erasoa jo baitu lau segundoko denbora-sariaren bila.

Sailkapen nagusiari dagokionez, ez dago zalantzarik Thomas dela Tourreko eta Sky taldeko liderra. Primoz Roglic (Lotto-Jumbo) eta Tom Dumoulin (Sunweb) baino gehiago izan da (9 segundo atera dizkie), baita Chris Froome (Sky) eta Mikel Landa (Movistar) baino gehiago ere (52 segundoko atzerapena izan dute galestarrarekiko).

Horrenbestez, ostiraleko Tourmaleteko etaparen eta larunbateko erlojupekoaren faltan, Cardiffeko txirrindulariak sendo jarraitzen du elastiko horia jantzita. 1:59ko aldea ateratzen dio Dumoulini, eta 2:31koa Froome taldekideari. Laugarren dagoen Roglicek 2:47ko atzerapena dauka, eta Quintanak 3:30ekoa. Mikel Landa zazpigarren tokian dago, liderrarengandik 4:34ra.

Ostegunean 18. etapa lehiatuko dute txirrindulariek Trie-Sur-Baise eta Pau artean (171 kilometro).