Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

11. ETAPA

Thomasek etapa irabazi eta maillot horia jantzi du, Nieveren garaipena zapuztu ostean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Sky taldeko britaniarrak azken metroetan harrapatu du etapa osoan ihes eginda ibili den txirrindulari leitzarra (Mitchelton Scott).

1:40

Geraint Thomas (Sky) txirrindulariak irabazi du Frantziako Tourreko hamaikagarren etapa, Albertville eta La Rosiere mendatearen artean jokatu dena, 108,5 kilometro bete eta gero. Etapako garaipena lortzeaz gain, elastiko horia ere jantzi du galestarrak.

Thomasek helmugara heldu baino 300 metro aurretik harrapatu du Mikel Nieve leitzarra (Mitchelton Scott). Nafarrak eskura izan du Tourreko bere lehen etapa lortzeko aukera (dagoeneko baditu Giroko hiru eta Espainiako Itzuliko bat), baina amore eman behar izan du helburutik oso gertu, eguneko ihesaldiko kide indartsuena zela erakutsi ostean. Azkenerako, bosgarren amaitu du eguneko jarduna.

Etapako garailearen atzetik Froome eta Dumoulin sartu dira, 20 segundoko atzerapenarekin, bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Gainerako faboritoek denbora gehiago galdu dute: Quintana, Bardet, Nibali eta Roglic irabazlearengandik 59 segundora sartu dira, eta, Mikel Landaren kasuan, bere atzerapena 1:47koa izan da.

Sailkapenen orokorrari dagokionez, Thomas da lider berria. 1:25eko aldea dauka bere taldekidea den Froomerekiko, eta 1:44koa Tom Dumoulinekiko. Landa zazpigarren tokian dago sailkatuta, liderrarengandik 2:56ra.

Ostegunean hamabigarren etapa lehiatuko dute txirrindulariek Bourg-Saint-Maurice - Alpe d'Huez artean (175 kilometro).