Frantziako Tourra
ADIERAZPENAK
Dumoulinen aburuz, Froome auzia kudeatzeko erak 'kalte egiten dio txirrindularitzari'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2017ko Giroko irabazleak bere sasoi-puntuari eta Tourraren inguruan dituen aurreikuspenei buruz, zalantzak dituela esan du.
-
Tom Dumoulin, asteazken honetan egindakoa adierazpenetan. Argazkia: EFE
Tom Dumoulin herbeheretarrak (Sunweb), erlojuaren aurkako munduko txapeldun eta aurtengo Tourra irabazteko faborito nagusietako bat denak, asteazken honetan baieztatu duenez, "Chris Froomeren salbutamol txostena kudeatzeko moduak kalte egin dio txirrindularitzari, eta zaleak urrun ditzake kirol honetatik".
"Sinesgaitza da", esan du Sunwebeko taldeburuak, Tourra hasi aurretik eman duen prentsaurrekoan Froomeri buruz galdetu diotenean.
"Ez diot Froomeri errurik egozten. Kargugabetu egin dute. Auzia kudeatzeko moduaz ari naiz. Tamalgarria izan da, guztiz zorigaiztokoa, txirrindularitzak behar ez duen zerbait", azaldu du.
Dumoulinen arabera, "auzi hori txirrindularitzaren izen ona zapuzten ari da, eta litekeena da horren eraginez zaleak kirol horretatik aldentzea".
Frantziako zaleek Froomeri egin diezaioketen harrerari buruz galdetuta, "ez naiz bere aldamenera gehiegi hurbilduko igoeretan", esan du Dumoulinek, txantxetan.
Bere sasoi-puntuari eta Tourraren inguruan dituen aurreikuspenei buruz, zalantzak dituela esan du, Italiako Giroan parte hartzeagatik eragindako zalantzak, hain zuzen ere.
"Fresko sentitzen naiz, mendateetako batzuk aztertzen egon gara, baina ez dakit nola egongo naizen Giroaren ostean. Hiru aste barru jakingo dugu hobeto, hortxe ikusiko dugu irabazteko gai garen", zehaztu du.